Erreportajea
 
Fobiak, aurreiritziak eta nahasketak transexualen aurka

Psikiatriako manualetatik ateratzea aurrerapauso garrantzitsua den arren, transexualek hamaika oztopo aurkitzen dituzte oraindik egunero bizitza normal bat aurrera eraman ahal izateko. Hemen errepaso labur bat.

Beñat Zaldua|Iruñea|2012/12/14
Transexualitatea2
2009an Maria Jesus Lastraren kaleraketaren aurkako kontzentrazioa Gasteizen. (Juanan RUIZ/ARGAZKI PRESS)
Garrantzitsua da transexualitateak generoen arteko mugen inguruan dakarren hausnarketa azpimarratzea.

2009ko ekainaren bostgarren egunean Maria Jesus Lastra lan berrira joan zen lehenengo aldiz. Egun horretan berean kaleratu zuen dendako jabeak. Arrazoia? Maria Jesus emakume transexuala da. Bere kasua ongi bukatu zen, epaiketa hasi aurretik nagusiak berriz onartu baizuen lanean. Baina ez da berdina gertatzen kasu guztietan, ezta gutxiagorik ere. Ikerlan desberdinen arabera, kolektibo transexualen artean langabezia %80ra iristen da askotan, aurreiritziak medio.

Lanari buruz, aurreritzi zabaldua da ere transexual gehienak lan sexualetan aritzen direla, kontrolik gabeko promiskuitatea haien izaera naturala balitz-edo. Eta zer egin behar dute gizarteak langabezira zigortzen baditu? Hala ere, ez da egia, inondik inora, transexual guztiak lan sexualetan bukatzen dutenik, egoera zabaldua den arren.

Beraz, aurreiritziek langabezira eramaten dituzten heinean, langabeziak era bateko edo besteko baztertasunera zigortzen ditu askotan transexualak. Marjinalitatearekin batera, bere izaera ‘normaltasun’ gaizki ulertu batean ez dela sartzen kontuan hartzen badugu, beldurra iristen da. Transfobia. Eta transfobiarekin batera, gizatasunaren ukatzea, ondorio dramatikoak dakartzan prozesu batean. Trasgender Europe lantaldeak transexualen 816 erailketa erregistratu ditu 2008 eta 2011 urteen artean, lau Estatu espainolean. Esatekoa da ere, lantalde honen erregistroak mugatuak direla eta herrialde ugari uzten dituela kanpoan, besteak beste Errusia.

Nahasketa ugari

Erreportaia honekin batera eransten dugun elkarrizketan Aitzole Aranetak dioen bezala, azken urteetan aurrerapausu garrantzitsuak eman dira normalizazioa posible egiteko bidean, transexualitatea ez delako jada errealitate ikusezina. Baina bidea luzea da oraindik. Aurreiritzi eta transfobiaren aurka ez ezik, transexualek bere izaeraren inguruan sortutako nahasketa ugariren aurka ere borrokatu behar dute.

Esate baterako, LGTB kolektiboetan sartu ohi denez, transexualitatea homesexualitatearekin eta bisexualitatearekin nahasten da askotan, errealitatean oso gauza desberdinak diren arren. Azken biak desioaren orientazio sexualean oinarritzen diren bitartean, transexualitatean norberaren nortasun sexuala da gakoa. Gero, heterosexualak zein homosexualak izan daitezke, edo, jakina, baina bisexualak ere.

Transexualitatearen ekarpenak

Normalizazioaren bidean beharrezkoa den gizarte heziketarekin batera, garrantzitsua da ere transexualitateak gizarteari egindako ekarpenak azpimarratzea. Garrantzitsuena, generoen arteko mugen inguruan dakarren hausnarketa. Ongi azaltzen du Aranetak bere elkarrizketan. Mendeak daramatzagu gure generoa hankartean daukagun horren arabera ezartzen, errealitatean nortasun sexuala askoz konplexuagoa denean eta oso pertsona gutxi sartzen direnean, ehuneko ehunean, gizon edo emakume izatearen inguruan eraikitako arketipoetan. Hausarketa irekia da oraindik; transexualitatearen normalizazioa lortzeaz gain, gizarte helduago bat erdiesteko beharrezkoa.

ERLAZIONATUTAKO ALBISTEAK