Sakonean
Eguzki Irrati librea

1982ko abenduaren 15ean egin zuen aurreneko emisioa Iruñeko Eguzki irrati libreak. Izenak iradokitzen duen moduan, mugimendu ekologistaren eta antinuklearraren eskutik jaio zen, garai hartan pilpilean zeuden aldarrikapenei oihartzun egiteko helburuz. Hogeita hamar urte hauetan bere bide propioa garatu du, ez gorabeherarik gabekoa, eta momentu honetan laguntza eske dator, beharrean dago eta.

Gotzon Aranburu|IRUÑEA|2012/12/17
20121214_eguzki_irratia
Fertxu Izquierdo Eguzkiko kidea irratiko estudioetan. (Gotzon ARANBURU)
Lehenango ere arazoak izan ditu Eguzki irratiak, baina gaur egun dituenak beste mota batekoak dira, eta beharbada larriagoak.

Eguzki irratiaren instalazioak Iruñeko Navarreria kalean daude, eta ez dira nolanahikoak. Pisu oso bat hartzen dute estudioek, erredakzioak, grabaketa gelak, artxiboak… Garai batean irratietan ohikoak ziren kasete eta CD bildumen arrastorik ez dago, baina bai dozena erdi bat ordenagailu, horietako batzuk etengabe internetera konektatuta. Dena dago txukun eta era profesionalean lan egiteko prestatuta. Baina zer diren gauzak, bitarteko tekniko egoki askoak dituzten honetan, arazo ekonomikoek egiten diete mehatxu Eguzki irratikoei.

Arazoak, berez, ez zaizkio arrotzak Iruñeko irrati libreari. Hogeita hamar urteotan lau aldiz eten behar izan ditu bere emisioak, agintariei ez zitzaizkielako gustukoak gertatzen Eguzkiren bidez aireratutako informazioak eta iritziak. Izan ere, hasierako izaera ekologista alboratu gabe, irratia Iruñeko herri mugimenduko taldeen bozgorailu izatera pasa zen, zabalduz joan zen bere esparrua, ‘ahotsik gabekoen ahotsa’ izateko filosofiarekin. Aurreneko hiru ixteak 1980ko hamarkadan izan ziren, eta laugarrena 1990ko hamarkadan, baina oztopoak oztopo Eguzkik bere bideari jarraitu dio. Greba orokorretan, Euskal Jai indarrez hustu zutenean… irratia beti egon da hor, protagonistei mikrofonoa eskainiz.

Nahi izan duen orok izan du, eta du, Eguzkiren bidez bere ahotsa entzunarazteko aukera. Bai Navarreria plazako estudioetara jota eta bai telefono bidez. Izan ere, telefonoak aparteko bizitasuna eman izan die irrati libre guztiei, herritarrek badakite eta nahikoa dela haien zenbakia markatzea edozein salaketa, deialdi edo informazio uhinen bidez zabaltzeko. Eta haruntzago joaz, programa bat egin nahi izanez gero, Eguzkik gustura uzten ditu bere instalazioak, baita beharrezko laguntza teknikoa eskaini ere.

Sakanako Eztanda Irratiarekin, Aezkoako Irati Irratiarekin, Hala Bedirekin, Tas Tasekin, Arrosa Sarearekin eta beste batzurekin kolaboratzen du Eguzkik. Ez da txantxetako erronka egun osoko programazio eskaintzea, eta elkarren arteko laguntza ezinbestekoa zaie irrati libreei. Esaterako, iruñearrak entzuten duten goizeko magazinetako bat, ‘Pasealeku’, Eguzkik berak bakarrik egiten du, baina ‘Suelta la olla’ aipatu irrati horietako hainbaten artean burututako programa da. Euskal Herriko eta munduko musikak, sukaldaritzak, zineak, azterketa politikoak, internazionalismoak… denak dauka tokia programazioan. Eta zuzenean entzuterik ez duenak, hor dauka www.eguzki.net interneteko ataria.

Baina, gaur egun beharrezkoak al dira irratiok? Eguzkiko kide Fertxu Izquierdok ez du zalantzarik: «Garaiak aldatu dira, informazio emateko eta jasotzeko erak ere bai, baina irrati libreak beti izan garena izaten jarraitzen dugu: ahotsik gabekoen ahotsa. Herritar guztien bozgorailua, doakoa, zuzena, sukalderaino sartzen dena. Horregatik uste dut beharrezkoak izaten jarraitzen dugula».

Esan dugu lehenango ere arazoak izan dituela Eguzki irratiak, baina gaur egun dituenak beste mota batekoak dira, eta beharbada larriagoak. Kontuan eduki behar da irratiak ez daukala subentziorik eta ez publizitaterik, eta duela urte batzuk galdu zuela bere diru iturri nagusia: Sanferminetako txosnarekin irabazitakoa. Beraz, arazoa ekonomikoa da. Txosnak debekatu zirenean, ‘eguzkide’aren figura sortu zuen irratiak, hau da, urteko kuota bat ordaintzeko prest egongo ziren pertsonak. Krisi ekonomikoa iritsi den arte, hainbestean funtzionatu du finantziazio sistema honek, baina azken hilabeteetan zenbait eguzkidek utzi egin behar izan dio ordaintzeari. Egungo egoera ikusita, ulertzekoa ere bada, dio Fertxu Izquierdok, eta orain beste jende bati zuzendu nahi diote laguntza deia: «Bai, jende asko dago gure alde dagoena, beharrezkoak ikusten gaituena, baina orain arte ez du laguntza ekonomikoaren pausua eman. Urrats hori egitera animatu nahi ditugu. Ezinbestekoa da irratiarentzat ahalmen ekonomikoa dutenen laguntza», dio Fertxuk, argi eta garbi.

Helburu horrekin, ostiral eta larunbatean hainbat ekimen burutu dituzte Eguzkikoek. Programazio berezia izango du emisorak, ‘2012, osadia bat irrati espazioan’ lelopean. Hasteko, 25 orduko irrati maratoia burutu dute. Gonbidatuak estudioan, ekitaldi musikalak… denetarik izan da uhinetan. Eguerdian aperitiboa eskainiko dute Navarreria plazan, bazkalondoren kalejira Alde Zaharrean, eta larunbat arratsaldeko zortzietan (ordu horretan jaio zen Eguzki irratia duela 30 urte) brindis bat egin zen enparantzan, beste programa berezi bat, eta eguna bukatzeko afari herrikoia El Bullicio peñan.

LOTURAK