Naiz.info
Errenteria

Ehunka lagunek salatu dute Errenteriako gazteen aurka Auzitegi Gorenaren epaia

Estatu espainoleko epaitegien erabakiak «erruleta errusiar» baten antzekoak direla ohartarazi du Eleak mugimenduak eta Errenteriako gazteen kontrako zigorrak «jatorri politikoa duen epaiketa bati erantzuten diola» salatu du. Jendetza bildu da Errenterian Auzitegi Gorenak berriki zigortutako gazteei sostengua adierazteko.

Manifestazio jendetsua Errenteriako kaleetan. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)
Manifestazio jendetsua Errenteriako kaleetan. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)

Eguerdiko 12.30ak inguruan abiatu da Errenteriako Zumarditik Eleak mugimenduak deitutako manifestazioa. Jende andana bildu da aste honetan bertan Auzitegi Gorenak espetxera zigortu dituen bost gazteei (Maitane Linazasoro, Xabier Lujanbio, Aitor Alberdi, Arkaitz Antza eta Aitor Franco; Iosu Arruabarrena absolbitu egin du) sostengua adierazi eta epaia salatzera.

‘Gure etxeko atea zabalik dute!’ lelopean, matriuskaren irudiak burutu du manifestazioa. Bertan izan dira eleak mugimenduko hainbat kide, eta baita sumario ezberdinetan inputatuak izan diren lagunak ere. Horien artean, Auzitegi Nazionalak berriki absolbitu dituen Hernani eta Urnietako gazteak.

Manifestazioaren amaieran prentsaurrekoa eman du Eleak-ek, eta Justizia espainola «erruleta errusiar baten antzekoa» dela nabarmendu du. Hala, adibide gisa jarri ditu delitu berberengatik absolbitutako gazte hernaniarrak eta orain Auzitegi Gorenak zigortu dituen errenteriarrak.

Atxilotze garaian tortura salaketak izan zirela gogoratu ostean, kasu horiek «jatorri politikoa duten epaiketak direla» argudiatu dute. «Ez dago defentsa juridikorik militantzia politikoa epaitzen bada», esan dute.

Eleak mugimenduak harreman bira abiatu zuen eragile politiko, sozial zein instituzioekin 109 gazteren egoeraren berri emateko. Hogeita hamar eragilek baino gehiagok eman diote babesa ‘Gure etxeko atea zabalik dute!’ kanpainari, tartean, Alternatibak, ezker abertzaleak, Aralarrek, EAk, Ezker Anitzak, Lokarrik, PSEko gazte erakundeak, Gazte Abertzaleek, Ikasle Abertzaleek, Bai Euskal Herriarik eta Sare Antifaxistak.

Auzitegi Gorenak sei gazteetatik bosti seina urteko espetxe zigorra berretsi die. Bestea absolbitu egin du.

Polizia espainolak 2008an atxilotu eta espetxeratu zituen sei gazteak, eta epaituak izan ziren 2011n Auzitegi Nazionalean Oarsoaldeko beste hamar lagunekin batera.

Epaitegi bereziak haietatik hamaika absolbitu egin zituen, eta Linazasoro, Lujanbio, Alberdi, Antza, Arruabarrena eta Francori sei eta zazpi urtetako espetxe zigorra ezarri zien. Arruabarrena absolbitu egin du orain Gorenak.