Donostiako Arrantzale Kofradia mantentzearen alde egin dute alde zaharreko herritarrek

Donostiako portuan elkartu dira eguerdian dozenaka herritar, sorpresarik ezean, bihar bertan itxiko duten Arrantzaleen Kofradia irekita mantentzea eskatuz. Itxiera ekidin asmoz lanean jarraituko dutela iragarri dute eta aurrera begirako asmoak zehazteko bilera zehaztu dute datorren asterako.

NAIZ.INFO|DONOSTIA|2012/12/30
Kofrad
Donostiako portuan egin dute kontzentrazioa eguerdian. (Parte Zaharrean Bizi Auzo Elkartea)

Donostiako alde zaharreko hainbat kultur eta giza eragilek bat egin du gaur herritarrekin hiriburu gipuzkoarreko portuan bertako Kofradiaren itxiera salatzeko. Sorpresarik ezean urtea amaitzearekin batera etengo du bere jarduera. Gaurko mobilizazioan izan dira Donostiako Arrantzaleen Kofradiako ordezkariak, arrantzaleak, Parte Zaharrean Bizi auzo elkartea, Alde Zaharreko Kirol Kultur elkartea, Karmengo Jai Batzordea, Donostiarra arraun taldeko arraunlariak, Kaiarriba arraun elkarteko ordezkariak, Gazte Asanblada, Piratak, LAB, Gaztelubide elkartea, Kresala, Arrano Beltza eta Herriakoak, besteak beste.

Kofradiaren itxiera salatu dute eta baxurako arrantza manten dadin eskatu. Bilera deitu dute urtarrilaren 3rako (19.00etan Kofradian) aurrera begirako ildoak zehazteko.

Atzo agerraldia egin zuten auzoko eragile hauek guztiek eta Kofradiaren itxierak Donostia arrantzalea «umezurtz» utziko lukeela esan zuten. Zorrak itota geratu da Kofradia, Patxi Lopez lehendakari zuen Jaurlaritzarekin adostutako bideragarritasun plana abiarazi ez delako. Aste honetan bilera izango dute Kofradiako ordezkariek Lakuako Gobernu berriarekin egoerari irtenbidea bilatu asmoz.