Goizeko pattalaldia pasata hobera egingo du eguraldiak

Eguerditik aurrera ateri izango da kostaldean ere eta giroa dezente goxatu ostean bihar haizea bai, baina asko zakartu gabe, eta ostarteak nagusituko dira egunean zehar. Urtea amaitzerako okerrera, berriz.

 

JOXE LANDA|DONOSTIA|2012/12/30

GAUR. Kostaldean pattal samar hasiko da eguna. Mendebaldeko haizea eta euri lardatsa; baina lainoak saretuz, eguerditik aurrera ateri. Zehar haizeak hego ukitua hartuko du, eta dezente goxatuko da giroa. Barnealdean, aldiz, gaur ederki gauzatuko da hobekuntza. Hotza nabarmenduko da goizean, baina lan polita egingo du eguzkiak, azaldu orduko bazterrak epeltzen hasita.

BIHAR. Goizean fresko, baina gerora dezente epelduko du, hego haizearekin. Bizi samar ibiliko da boladatan, baina ez da asko zakartuko. Ostarteak nagusituko dira egunean zehar, baina azkenean okerrera joko du gauean. Berriro ere borraskaren belauna hemen izango dugu kolpeka kaskarraldia eraginez.

ITSASOA
Mendebaldeko haizea, 4ko indarrarekin, arratsaldean 2-3ko indarrarekin. Gauean hegoaldeko haizea ibiliko da, 3ko indarrarekin. Mendebaldeko hondoko itsasoak 3 eta 3,5 metro arteko olatuak altxatuko ditu.