Jantokia ordaindu gabe izateagatik bost urteko haur bat polizia etxera eraman dute Uztaritzen

LAB sindikatuko Irakaskuntzako atalak salatu duenez, joan den asteartean, Uztaritzeko bost urteko haur bat polizia etxera eraman zuten, bazkariak ez ordaintzeagatik eskolako kantinatik kanporatua izan ondoren. Auzapezak hartu zuen erabakia.

NAIZ.INFO|BAIONA|2013/01/10|0 iruzkin

LAB Irakaskuntzak ohar baten bitartez jakinarazi duenez, joan den asteartean, Uztaritzen, bazkariak ez ordaintzeagatik udaltzain batek bost urteko ikasle bat polizia etxera eraman zuen, eskolako kantinatik kanporatua izan ondotik.

‘Berria’ egunkariak berri eman duenez, haurraren gurasoak banatuta daude eta hilabeteak zeramatzaten eskola pribatuko jantokia ordaindu gabe.

Hori aintzat hartuta erabaki zuen auzapezak eta bi udaltzain bidali zituen eskolara, uniformez jantzita. Amaren etxera eraman zuten aurrena eta hura etxean ez zegoenez, polizia etxera eraman zuten.

LABen arabera, jazotakoa «guztiz eskandalagarria eta onartezina» da eta, horregatik, nork bere ardurak «asumitu» behar dituela adierazi du.

Erabakia bai neskatoaren bai beste ikasleengan izan ditzakeen ondorioak neurtu gabe hartu zela ere arbuiatu du sindikatuak.