Anaitze Agirre
Mugak-eko kidea

SOS Arrazakeriako dokumentazio zentroa da Mugak. Etorkinek jasandako salaketak bideratzen dituzte, beste askoren artean. Gehienek, ordea, ez dute ibilbide luzerik izaten. Haiek gauzatzeko figura juridikoak behar direla nabarmendu du Anaitze Agirrek.

«Figura juridikoak behar dira etorkinen salaketak bideratzeko»
Ariane Kamio|Donostia|2013/01/18
Arp_giz_68760158933
«Txinatarrek –dio Agirrek– sudur handiak garela esaten dute eta, haien aldean, alfer hutsak».
«Mugaken bideratzen diren salaketa gehienek jazarpen polizialarekin zerikusia dute».

SOS Arrazakeriak kaleratutako azken txostenaren arabera, etorkinen aurkako diskriminazioan eta gorrotoan oinarritutako salaketak bideratuko dituen Fiskaltza berezi baten beharra ezinbestekoa da. Eta ildo horretan mintzatu da Anaitze Agirre Mugak dokumentazio zentroko kidea.

Babes juridikoaren beharra aldarrikatu du etorkinen salaketek aurrera jarraitu ahal dezaten. «Ez dago Fiskaltza espezializaturik eta, beraz, kasu gehienetan bere horretan geratzen dira salaketak», esan du.

Mugak-en bideratzen dira etorkinen kontrako jazarpenen aurka ezartzen diren salaketak. Beharrezko dokumentazioa eta laguntza errazten zaizkie, baina ibilbide motza izan ohi dute.

«Genero indarkeria kasuetan, esaterako, salaketa jartzeko formularioan baduzu koadrotxo jakin bat, non salaketaren arrazoia zehazten den. Etorkinen salaketen kasuetan, ordea, ez dago kuadrotxorik, ez baitago hura bideratuko duen figura berezirik eta, hartara, kasu gehienak bere horretan geratzen dira».

Jazarpen poliziala

SOS Arrazakeriaren 17. txostenak jasotzen dituen datuetan ikus daiteke EAEko etorkinen populazioa «nabarmenki egonkorra» dela. Erdiak baino gehiagok egoera erregularra dute eta kasik 30.000 mila dira oraindik paperik ez dituztenak.

Gatazkarik gehien sortzen duten gaiak meskiten kokapenen inguruan sortzen dira. Eta, horietaz gain, etorkinen aurka egindako polizia operazioek ere toki berezia hartzen dute txostenean.

«Mugak-en bideratzen diren salaketa gehienek jazarpen polizialarekin zerikusia dute», nabarmendu du Agirrek. Lokal publikoetara, etxebizitza sektorera, lanera, hezkuntzara, osasunera eta gizarte zerbitzuetara jotzerako orduan jasaten duten bereizketa ere  badira beste salaketa arrazoi batzuk.

Aurreiritzien aurka

Zurrumurru, aurreiritzi eta estereotipoz jositako gizartearen baitan bizi gara, Agirreren iritziz. Euskal herritarrek badituzte bereak, baita etorkinek ere bertakoen ingurukoak. «Txinatarrek –dio Agirrek– sudur handiak garela esaten dute eta, haien aldean, alfer hutsak».

Aurreiritzi horien oinarriak gezurtatzeko beharraz ohartuta, Zurrumurruen Kontrako Sarea osatzen ari da Mugak, hainbat herritan egiten ari den tailerren bitartez. «Aurreiritziak dituen jendearekin diskurtso enpatizatuago bat erabiltzen dugu» haien harresiak birrintzeko.

 

ERLAZIONATUTAKO ALBISTEAK
LOTURAK