Arantxa Manterola
Baiona

Laborantzako lurrak babestu eta espekulazioari aurre egiteko sortu da Lurzaindia elkartea

Ipar Euskal Herriko landalurren salmentetako «gehiegikeriak» ekiditeko sortu da Lurzaindia. Lurra ondasun kolektibo bilakatu nahi dute eta espekulazioaren merkatutik atera.

Lurzaindia elkartea aurkeztu dute Baionan. (Bob EDME)
Lurzaindia elkartea aurkeztu dute Baionan. (Bob EDME)

Lurzaindia egitura berria aurkeztu dute gaur goizean Baionan. Espelkulazioari aurre egin eta laborantzako lurrak babestea eta mantentzea du helburu. Tresna «erreaktiboa eta eraginkorra» izatea nahi dute, landalurren salmentetan gero eta maizago ematen diren «gehiegikeriak» (batez ere prezioen emendatze izugarriak direla-eta) ekiditeko.

GFA Lurra elkarte ohiaren hari beretik, EHLGk, ELBk, Arrapitz federazioak eta Inter-Amapek,  sortu dute Lurzaindia.

«Elikatzen gaituen ama lurra ondasun koletiboa bilakatzea eta espekulazioaren merkatutik ateratzea» da Lurzaindiaren helburu behinena. Horretarako, funts propioak eskuratuko dituzte. Norbanakoei ez ezik, dei berezia egin diete erakunde, enpresa eta elkarteei ere azarorako 350.000 euro biltzeko ahaleginean inplika daitezen.

Akzio bakoitzak euro bat balio du eta, gutxienez, 20 euroko ekarpena egin beharko litzateke. Informazio gehiago www.lurzaindia.eu helbidean