Txerra BOLINAGA/Zigor OLABARRIA
Eleak mugimenduko kideak

Zigor Olabarria eta Txerra Bolinaga Eleak mugimenduko kideak dira. Ondorengo lerroetan, mugimenduaren lana zein den azaltzen ahalegindu gara eta Errenteriako gazteen, Ekaitz Samaniegoren edora Aurore Martinen kasuak izan ditugu hizpide.

«Atxiloketak kalera atera ditugu, baina gure helburua atxiloturik ez izatea da»
Ion SALGADO|GASTEIZ|2013/01/30|2 iruzkin
20130130_eleak
«Gure helburua inor ez atxilotzea da»
«Ohituta daude atxiloketak goizeko ordu txikietan eta lekukorik gabe egitera»
«Gure ustez atxiloketak ez dira haien etxeetan izan behar, inor konturatu gabe. Atxiloketak atera behar ditugu kalera»
«Gogoan izan behar da, Estatuak ezarri dituen salbuespen legeen arabera Ertzaintzak martxan jartzen dituela ekimen errepresiboak EAEn»
«Joseba Sarrionandiak esaten zuen Euskal Herrian bakezale asko eta bakegile gutxi daudela»
«Gure borroka ez da amaitu, oraindik ere epaiketa asko daude Euskal Herrian»

Duela hamar egun, Donostian, ehunka lagun bildu ziren Oarsoaldeko gazteen alde. Ze balorazio egiten duzue?
Txerra BOLINAGA: Balorazioak bi alde ditu, bata ona eta bestea txarra. Alde ona, hilabete hauetan egin dugun lana da, lan herrikoia oso ondo zabaldu delako jendearen artean. Baina manifestazioak alde ilun bat eduki zuen, zeren azkenean Ertzaintzak atxilotu egin zituen Errenteriako gazteak. Esan beharra dago gure azken helburua dela inor ez atxilotzea. Baina hori lortzeko bidea oraindik ere jorratzen ari gara, pausoak aurrera emateko. Babes handia jaso da, lan izugarria egon da.

Zigor OLABARRIA: Ni Donostian egon nintzen, eta komentatu da momentu batean inprobisazio asko egon zela. Atxiloketen unean geratu zitzaigun zapore gazi-gozoena. Gauza batzuk ondo egin ziren, beste batzuk eskasago, eta guk baloratu egin ditugu tokian tokiko taldeetan. Guretzat oso positiboa den bide berria egiten ari gara. Joan den urtean Gasteizen ikasi genituen zenbait gauzak -Ekaitz Samaniegoren atxiloketarekin-, esan genuen hori abiapuntu bat zela eta inputatuek ere badakite halako ekimenak egiten dituztenean ez dela beren onerako, hurrengoen onerako baizik, zeren beraiek badakite kartzelatuak izango direla.

Argi zegoen Ertzaintzak ez zituela atxiloketak egin nahi?
T.B: Argi geratu zen berez ez zela gertatuko atxiloketarik. Pixka bat behartua izan zen. Haiek [ertzainek] ez zuten nahi irudi hori eman.

Z.O: Ohituta daude atxiloketak goizeko ordu txikietan eta lekukorik gabe egitera. Eta, alde horretatik, gure borroka, edo hobeto esanda, borroketako bat -zeren gure borroka nagusia da inor ez sartzea kartzelan eta daudenak libre izatea-, poliziek atxiloketak egun argitan eta babes askorekin egin behar izatea da.

T.B: Hori da gure filosofia. Baina badakigu oraindik ere ikasi behar dugula, eta uste dugu borroka honetan indar handiak falta direla. Gauden momentuan, gertatzen ari denarekin, bizi dugun egoera soziala eta politikoa kontuan hartuz, nik uste dut gizarte mailan indarrak batu behar direla.

Atxiloketek, nahiz eta deseroso izan, gaur egungo egoera salatzeko balio dute?
Z.O: Bai. Bide bat eratu zen garai batean Ipar Euskal Herrian, Segiko militanteekin, eta guk Ekaitz Samaniegorekin zabaldu genuen Hego Euskal Herrian. Bide hori pauso bat zen, eta pauso hori agian gauza batzuetan agortzen ari da. Horrela izanez gero pauso berriak eman beharko ditugu. Azken batean, nahiko uste zabaldua da ezin direla izan konpromiso gehiago hartzen dutenak -inputatuak- kalte gehien jasoko dutenak. Bide berriak ireki behar ditugu bizi dugun egoerari aurre egiteko.

T.B: Nik azpimarratuko nuke batzuek egin duten urratsa. Errenteriako gazteek, bai Lujanbiok, Arkaitzek eta Maitanek, hartu duten konpromisoa.

Pauso berriak eman behar direla diozue. Ze-nolako pausoak?
Z.O: Hausnartzen ari gara, eta ikasten ari gara gure kontraesanekin. Ikusi dugu gizarte eztabaida bat sortu dela, eta guretzat hori positiboa da, lehen eskubide zibilen urraketari buruz eztabaida gutxi zegoelako. Seinale ona da. Etorkizunari begira pentsatu behar dugu ea aproposa den, ala ez, egungo egoerari aurre egiteko antolatzen ditugun desobedientzia ekimenak guri zabaltzea. Inguruan gaudenoi, eta ez inputatuei. Hori da, esaterako, egin behar dugun hausnarketa bat.

T.B: Zigorrek esan duen bezala, oraindik ere ikasten ari gara. Eta nik uste dut politena, bai Ekaitzen kasuan, bai Errenteriako gazteen kasuan, sortu den lan herrikoia dela. D3Mren kasuan gertatu zen bezala eragile ezberdinek osatzen duten matrioska bat irudikatu nahi dugu.

Matrioska hori duela urte bat jaio zen Ekaitz Samaniego babesteko. Esan ahal daiteke ikono berri bat bilakatu dela?
Z.O: Duela urtebete gauza bat esan genuen: halako egoerak, askotan oharkabean pasatzen direnak, agerian utzi eta ikusgarri egin nahi genituela, horrelako atxiloketak gero eta zailago egiteko. Orain ikusten dugu, urtebete pasatu ondoren, toki askotan eskatzen dutela matrioskaren irudia beren lana irudi- katzeko. Guretzat pozgarria da.

T.B: Esaten digute matrioska edozein lekutan ikusten dela. Jendeak ulertu du horrekin irudikatu nahi genuen babesa.

Aipatutako babesak agerian utzi du Poliziaren jarrera?
T.B: Hori da helburu bat. Gure ustez atxiloketak ez dira haien etxeetan izan behar, inor konturatu gabe. Atxiloketak atera behar ditugu kalera, eta Ekaitzek eta Errenteriako gazteek bazekiten atxilotuko zituztela. Baina kalera ateratzen baditugu, herriaren babesa lortu ahal dugu. Behintzat horrela ez dituzte atxilotuko inongo babesik gabe. Argi dago Donostian ikusi dugun bezala, horrelako ekimenekin gazteek gizartearen babesa lortu dutela, baina ez dugu lortzen ez atxilotzea, eta hori da, azken batean, gure helburua. Inor ez atxilotzea.

Z.O: Badakigu oso gordina eta oso gogorra dela atxiloketa bat ikustea. Horregatik eman behar diogu buelta gaur egungo egoerari, bide berriak irekitzen edo konpromiso berriak hartzen. Gaur egungo egoerari aurre egiteko indar berriak eratu behar ditugu.

EAJk Ertzaintzaren jarrera aldatu nahi duela dio. Uste duzue Ertzaintza «polizia zibil» bat bilakatu ahal dela?
Z.O: Urte askotako ohiturak ezin dira egun batetik bestera aldatu. Gogoan izan behar da, Estatuak ezarri dituen salbuespen legeen arabera Ertzaintzak martxan jartzen dituela ekimen errepresiboak EAEn.

Ipar Euskal Herrian Estatu frantseseko alderdi politikoek ere kritikatu egin zuten Aurore Martinen atxiloketa. Espero duzue horrelako aldaketarik gertatzea Espainiako alderdien jarreran?
T.B: PP alderdikoei asko kostatuko zaie. PSEren kasuan, izan liteke. Errenterian egiten ari den zinema eta antzerki ziklo horretan izan duten inplikazioa hor dago. Bestalde, PSEkoak Errenteriako gazteekin bildu ziren, eta guk ere hitz egin genuen Rafaela Romerorekin.

Z.O: Joseba Sarrionandiak esaten zuen «Euskal Herrian bakezale asko eta bakegile gutxi» daudela. Nire ustez, ustezko bakezale horiek benetako bakegile bihurtzeko herri presioa beharrezkoa da.

Etorkizunari begira ze ekimen jarriko ditu martxan Eleak mugimenduak?
T.B: Matrioskak babesa eskainiko die otsailaren 4an Korrikan presoen argazkiak eramateagatik epaituak izango direnei, eta jakin dugu ere Donostiako hamabost gazteek badaukatela Auzitegi Gorenaren hitzordua beren sententzia jakinarazteko... Donostiako manifestazioan esan genuen bezala, gure borroka ez da amaitu. Oraindik ere epaiketa asko daude Euskal Herrian.

Z.O: Guk erabiltzen dugu bi hormen irudia gure lana irudikatzeko. Lan egiten dugu bai eskubide sozialak bai eskubide politikoak defendatzeko. Beti esaten dugu gure helburua ez dela bakarrik iraganean gertatutakoa salatzea, zoritxarrez, gure borrokak etorkizunean biziraungo baitu.

LOTURAK