Ia 10.000 langabe gehiago zenbatu dituzte urtarrilaren amaieran Hego Euskal Herrian

Hego Euskal Herrian 230.878 langabe zeuden urtarrilaren amaieran enplegu bulegoetan izena emanda, abenduan baino 9.851 gehiago. Nafarroan hazi da gehien langabezia tasa.

Amaia UGARTE|DONOSTIA|2013/02/04

Gobernu espainolak emandako datuen arabera, Hego Euskal Herrian 230.878 pertsona zeuden lanik gabe urtarrilaren amaieran, aurreko hilabetean baino 9.851 gehiago.

Herrialde guztietan egin du gora langabeziak, gehien Nafarroan. Guztira 55.597 langabe zenbatu dituzte herrialde horretan, abenduan baino 3.653 gehio. Langabezia tasa %7,03 hazi da hilabete batean eta azken urtean, %10,86.

Araban %4,56 handitu da langabezia urtarrilean, aurreko hilabetearekin alderatuta. 1.213 pertsona gehiago daude lanik gabe, guztira 27.797. Iaztik %14,78 hazi da tasa.

Gipuzkoan %4,27 hazi da langabe kopurua. 49.723 daude izena emanda enplegu bulegoetan, abenduan baino 2.035 gehiago. Azken hamabi hilabeteetan %13,04 egin du gora langabeziak.

Bizkaian 97.761 pertsona daude lanik gabe, abenduan baino 2.950 gehiago (+%3,11). Azken urtean %11,52 hazi da langabezia tasa.

Ia bost milioi Estatu espainolean

Estatu espainolean, langabeziak errekor berria egin du urtarrilean. 132.055 pertsona gehiago daude lanik gabe, guztira 4.980.778.

LOTURAK