EH Bai-k Ipar Euskal Herriko abertzale eta ezkertiarren erreferente nagusia izan nahi du

Hego Euskal Herrian abertzale eta ezkertiarren erreferentea EH Bildu den bezala, Ipar Euskal Herrian EH Bai izatea bultzatuko dutela adierazi dute Baionan AB, EA, Ezker Abertzalea eta hiru alderdietan ez dauden militante independienteek.

Naiz.info|Baiona|2013/02/09
20130209_ehbai
Baionan izenpetu dute EH Bairen aldeko engaiamendua. (Gaizka IROZ)

Joan den urtean Ezker Abertzaleak, ABk, Alternatibak, EAk eta Aralarrek Ficoban izenpeturiko akordio estrategikoan Hego Euskal Herriko ezkertiar eta abertzaleen erreferentea EH Bildu koalizioa izango zela adierazi zuten. Ildo horretan, gaur goizean agerraldia egin dute AB, EA, Ezker Abertzalea eta zenbait militante independienteek Baionan.

Publikoki izenpetu duten engaiamenduan, EH Bai mugimendua izango dela Ipar Euskal Herriko abertzale eta ezkertiarren erreferentea adierazi dute.

Azaldu dutenez, EH Bairen lana Ipar Euskal Herriarentzat instituzio baten beharra aldarrikatzea, nazio eraikuntza, gatazkaren konponbide demokratikoa bultzatzea, euskara eta borroka sektorialak garatzea izango dela azaldu dute.

Antolakuntza mailan jauzi «historikoa» izango dela nabarmendu dute akordioa izenpetzerakoan eta hauteskundeez gain, egunerokoan tresna baliagarria EH Bai azpimarratu nahi izan dute.