Elkarlanean sakontzeko jardunaldiak antolatu dituzte Arrosa sareko irratiek

Martxoaren 2an Zarautzen izango dira Arrosa sareko irratiek antolatutako jardunaldiak. ‘Euskal Herrian bada zer entzun’ lelopean sarearen izaeran, euskara bultzatu eta sustatzeko elkarlanean, sakontzeko helburuz antolatu dute topaketa.

@gara_anearruti|ZARAUTZ|2013/02/09
Int000003885
Arrosa sareko irratietako ordezkariek Zarautzen aurkeztu dituzte jardunaldiak. (Gari GARAIALDE / ARGAZKI PRESS)
Euskarazko irratsaioen elkartrukea da egun Arrosaren funtziorik garrantzitsuena eta irratigintzan, batak bestearengatik ikastea.

Euskal Herriko 22 irrati biltzen dituen Arrosa sareak ‘Euskal Herrian bada zer entzun’ jardunaldiak ospatuko ditu bigarrenez martxoaren 2an. Iaz Bergaran izan ziren eta aurten Zarauzko Putzuzulo gaztetxean jorratuko dira. Jardunaldiok irekiak izango dira eta «elkarlanean jarduteak eskaintzen dituen aukeretan sakontzen jarraitzea» dute helburu.

Izan ere, Arrosa sarea duela hamar urte pasatxo sortu zen, irrati bakoitzaren proiektu komunikatiboa mantentzeaz gain, elkarlanaren bidez euskara bultzatu eta sustatu asmoz. Euskarazko irratsaioen elkartrukea da egun Arrosaren funtziorik garrantzitsuena eta irratigintzan, batak bestearengatik ikastea.

Helburu horietan sakontzeko asmoa dute martxoaren 2ko jardunaldi hauek. Ekintzak 10.00etan hasiko dira tailer ezberdinekin: erredakzio tailerra, nola sortu irrati bat zerotik, zuzeneko emisioa kaletik, estudioko mahaiaren erabilera, uhinetatik sarera, albisteen tratamendua eta hizkuntza sexista, software libreak irratigintzan, automatizazio programak, audio editatzea, ahozkotasuna irratigintzan…

Partehartzaileentzat bazkaria eskainiko du ondoren Putzuzuloko jantoki beganoak eta arratsaldeko bostetan mahainguru irekia izango da ‘Arrosa sarea. Atzo, gaur eta bihar’ izenburupean. «Gure asmoa, sarean lan egiteak eskaintzen dituen aukerak aztertzea eta etorkizunera begira urratu beharreko bidea zehaztea izango da», azaldu du gaur prentsaurrean Antxeta irratiko Aitziber Zapirainek. Jardunaldiei bukaera emateko, kontzertuak izango dira Putzuzulo gaztetxean bertan.

Edonork har dezake parte jardunaldi hauetan. Izena emateko arrosa.sarea@gmail.com helbidera idatzi beharko da eta informazio gehiago nahi izatera, www.arrosasarea.org atarian.

LOTURAK