EiTBren Administrazio Kontseilurako hautagaiak aurkeztu dituzte alderdiek

Gasteizko Legebiltzarrak EiTBko Administrazio Kontseiluko kide izateko onartu beharko dituen hautagaiak aurkeztu dituzte alderdi nagusiek. Sei hautagaitza aurkeztu ditu EAJak, lau EH Bilduk, hiru PSEk eta bi PPk. UPyDk uko egin dio berea aurkezteari.

NAIZ.INFO|DONOSTIA|2013/02/12

Manuel Allende, Juan Jose Baños, Xabier Barandiaran, Iñigo Iturrate, Elixabete Piñol eta Luis Jesus Uribe-Etxebarria dira EAJak EiTBko Administrazio Kontseiluko kide izateko aurkeztu dituen hautagaiak.

Horietatik hiru -Baños, Iturrate eta Piñol- egungo kontseiluko kide dira.

Lau hautagaitza aurkeztu ditu, bere aldetik, EH Bilduk. Tontxu Campos, Karmelo Landa, Beatriz Narbaiza eta Txema Ramirez de la Pscinak osatzen dute taldea. Landak badu esperientzia karguan eta egun EHUko irakaslea da.

Campos, aldiz, Hezkuntza kontseilari izan zen Ibarretxeren gobernuan eta Ekonomia eta Enpresa Zientziatan doktorea da.

Beatriz Narbaiza ere EHUko irakaslea da, Ikus-entzuezko eta Publizitatearen alorrean. Ramirez de la Piscinak kazetari bezala egin zuen lan eta 90eko hamarkadatik hona EHUko irakaslea da.

Mikel Unzalu, Carlos Gorostiza eta Alma Fernandez dira PSEren apustuak Administrazio Kontseilurako. Gorostiza eta Fernandez egungo Kontseiluko partaide dira.

PPk, aldiz, Nerea Llanos eta Gorka Angulo aurkeztu ditu kargurako. Alderdiko bizkaiako idazkari nagusia da Llanos, Angulo, aldiz, kazetaria da eta CNN+ edota Cuatro bezalako katetan egin izan du lan.

UPyDk eko egin dio bere hautagaitza aurkezteari, lan hau «profesionalen eta ez politikarien» kontua dela argudiatuz.

Hautagaitza guztiak Gasteizko Legebiltzarrak onartu beharko ditu.