Denboralearen gogorrena pasata, egoera bere horretara bueltatzen ari da pixkanaka

Denboralearen gogorrena pasa da eta apurka bada ere, egoera bere horretara bueltatzen ari da. Errepide sare nagusiak irekita daude, nahiz eta mendateetan arazoekin jarraitzen duten. 3.000 etxebizitza inguru geratzen dira argi indarrik gabe.

Naiz.info|Donostia|2013/02/12
Bc44x6ycuaamnhd
Zumarraga erabat zuri esnatu da. (@iraiaoiarzabal)
Nafarroako hainbat puntutan ere argindarrik gabe geratu dira, Altsasun eta Lakuntzan, esaterako. Altsasuarrek, ordea, aurrera jarraitzen dute inauterietako egitarauarekin.
Debagoienan arazo ugari sortu ditu elurrak. Arantzazun 23 zentimetrotako geruza dago, errepideak kolapsatuta daude eta HUHEZIk eskolak bertan behera utzi ditu.

Negu gorriko eguraldia izan dugu goiz partean Euskal Herrian. Eurite indartsuek hainbat uholde eragin dituzte eta elurrak errepide sarean eragin handia izan du, zirkulazioa oztopatuz.

Bilbon Nerbioi ibaiak gainezka egin du Zorrotzaurre, Elorrieta eta San Inazion, baina ondoren bere onera etorri da.

Butroe ibaia ere atera egin da Billelan, baita Kadagua Güeñes eta Alonsotegin. Egoera berbera errepikatu da Asuarekin Erandion, Sondikan eta Zamudion.

Ibaizabal bere bidetik atera da Galdakaon eta adineko senar-emazteak euren etxetik atera behar izan dituzte, nahiz eta zauriturik ez den suertatu. Gobela ibaiaren ibilgua normalizatu egin da euria egitea utzi duela eta.

Lakuako Segurtasun Sailak alerta laranja ezarri du eta larrialdi plana ere abian da uholdeen arriskua dela-eta.

Azken urteetako elurterik handiena

Bestetik, euriaz gain, elurra ere gure artean izango da gaur. Nafarroa zuri dago. Gasteizen elurra mara-mara ari du. Gipuzkoako hainbat puntutan ere elurra da nagusi, batez ere Goierri aldean. Zumarraga ere zuri esnatu da.

Arabako hiriburuan azken sei urtetako elurterik handiena izan da gaurkoa, Udalaren arabera. 10-15 zentimetrotako elur geruza dago Gasteizko kaleetan eta 250 lagun baino gehiago ari dira egoera ahalik eta ondoen egokitzen.

Iragarpenaren arabera, eguraldirik okerrena goizean espero da eta eguerditik aurrera hobetzera joko du. Barnealdean elurra euri bilakatuko da eta arratsalderako prezipitazioak geratu egingo dira.

3.200 etxebizitza argindarrik gabe

Gipuzkoa eta Arabako 30.000 etxebizitza inguru argindarrik gabe geratu dira elurtearen eraginez eta hainbat orduz hala egon ostean, ia gehienetan berreskuratzea lortu dute.

Hala ere, 3.200 mila inguru dira oraindik argi indarrik gabe jarraitzen duten etxebizitzak, Araban 3.000 eta 200 Gipuzkoan.

Arazoak garraio publikoetan

Hainbat hiriburutako garraio publikoen zerbitzua eten egin dute eguratsaren eraginez. Gasteizen, esaterako, Tranbia zerbitzutik kanpo egon da, eta Bilbon Iruñea, Gasteiz eta Logroñora doazen autobusak ez dira aterako.

Tolosa eta Gasteiz arteko tren zerbitzua ere etenda dago eguraldi txarra dela-eta. Horrez gain, aurretik Brinkola eta Beasain artean ere geldirik dago, zuhaitz bat trenbidera erori delako.

Altsasun, distantzia erdiko tren bat geldirik egon da lau ordu baino gehiagoz, argi indar arazoak izan baititu.

Garraioan izaniko arazoak medio, Ameskoabarrengo ikastetxea ezin izan dute ireki. Nafarroako Gobernuaren arabera, ireki ez duen zentru bakarra da.

Errepideen egoera

Nafarroan A-15 autobidea itxita egon da goizean zehar, baina irekita dago orain, nahiz eta tentuz ibiltzeko eskatzen duten. Urbasako mendatea itxita dago elurra dela medio, baita Lizarra eta Olatzagutiako errepidea ere. Lizarra eta Beasain batzen dituen N-120a ere itxita dago, baita NA-7230a (Viana-Codez) ere.

Kateak behar dira, halaber, Meanoko mendatean, La Poblacion eta Aguilar Kodeskoa batzen dituen errepidean eta Larraonako mendatean.

Araban, Barrerila, Kurtzeta, Opakua, Orduña eta Herrerako mendateak guztiz itxita daude eta kateak behar dira Salinas eta Gasteizko mendatetan.

Gipuzkoan, Leintz-Gatzaga, Otzaurte eta Urrakiko mendateak daude itxita ibilgailu guztientzat eta Urto, Udana eta Elosuan kateak behar dira. Etxegarate itxita egon da, baina errepidea zabalik dago momentu honetan.

Bizkaiari dagokionez, elurteek hainbat errepide itxiarazi dituzte: Bikoitzgane, Dima, eta Kanpazar. Urkiolan kateak behar dira.

LOTURAK