«Gureak ez diren ikurren inposaketaren aurka» manifestazioa egingo dute

Hego Euskal Herriko hainbat instituzioetan bandera espainola «inposatzen» ari direla eta, ikurriñaren aldeko manifestazioa deitu dute hainbat eragile politiko eta sozialek martxoaren 9an Tolosan. Horrez gain, mozio bat aurkeztuko dute Tolosaldeko Udaletxe guztietan, «inposaketa» salatu eta manifestazioarekin bat egitea eskatuz.

NAIZ.INFO|VILLABONA|2013/02/14
20130214_ikurrin_a
Bandera espainiarraren aurkako eta ikurriñaren aldeko manifestazioa deitzeko eman duten prentsaurrekoaren argazkia. (Bai Euskal Herria)

Hainbat eragile eta politikoren babesarekin, prentsaurrekoa eman dute gaur Villabonan Gobernu espainiarrak «gureak ez diren ikurrak inposatzeko» hartu duen jarrerari emango dioten erantzuna azaltzeko.

Iñaki Aristeta Bai Euskal Herriari ekimeneko kideak hartu du hitza. Euskal Herriko herrialde ezberdinetan ikurrinari ematen zaion erabileraren balorazio bat egin ostean, ikurriñaren aldeko aldarria egin du Aristetak.

Bandera espainiarra «inposatuz» Euskal Herria «desagerrarazi» nahi dutela salatu du, horregatik, euskal instituzioetan ikurriñaren presentzia bermatu behar dela adierazi du. Ildo horretan, «gureak diren nortasun ikurren defentsa» euskal herritarrei dagokiela esan du.

Gauzak horrela, martxoaren 9an, eguerdiko 12.00tan Tolosako triangelu plazatik abiatuta, ‘Geurea ikurriña! Inposaketarik ez!’ lelopean manifestazioa deitu dute. Horrez gain, mozio bat aurkeztuko dute Tolosaldeko Udaletxe guztietan, «inposaketa» salatu eta manifestazioarekin bat egitea eskatuz.

Bestalde, dei egin die Euskal Herriko eragile politikoei «euskal herritarren borondatea eta erabakiak defendatzeko». «Gaur egun Euskal Herrian bizi dugun egoera ez demokratikoa gainditu eta gure herriaren nortasun eta identitate zeinuen defentsa egiteko prest gaudenokin batzeko deia luzaten diegu», gaineratu du Aristetak.

Bide berean, Euskal Herri osoko herritarrei egoera salatu eta «gureak» diren nortasun ikurrak «erabili eta zabaltzeko» deia luzatu du.

LOTURAK