Hitz askeari giltzarrapoa jarri nahi izan ziotenekoa

Juan del Olmo Entzutegi Nazional espainoleko epailearen aginduz ‘Euskaldunon Egunkaria’ itxi eta hamar lagun atxilotu eta inkomunikatuak izan zirela hamar urte betetzen dira asteazken honetan. Bortxari eta gezurrari elkartasunez eta askatasunez irabazi zitzaionetik hamar urte. Horren harira, ekitaldia antolatu dute gaur 12.00etan, Martin Ugalde Kultur Parkean.

@GARA_rpascual|BILBO|2013/02/20|0 iruzkin
20130221_egunkaria
‘Euskaldunon Egunkaria’-ko langileen elkarretaratzea, itxieraren egunean bertan. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)

Hamar urte betetzen dira gaur Guardia Zibila, armak eskutan, Andoaingo Martin Ugalde Kultur Parkera sartu eta Juan del Olmo epaileak ‘Euskaldunon Egunkaria’ ixteko agindua zintzoki bete zuenetik.

Operazio hartan, hamar lagun atxilo hartu eta inkomunikatu egin zituzten. Horietako batzuek, Martxelo Otamendi edo Joan Mari Torrealdai kasu, tortura salaketa larriak egin zituzten. Inkomunikazio epea bukatuta, bost lagun espetxera bidali zituen Del Olmok, eta beste bost aske utzi, baldintzapean.

Hala eta guztiz ere, urte batzuk lehenago ‘Egin’-ekin gertatu bezala, argi geratu zein beste behin ez dela hain erraza hitzari eta askatasun grinari giltzarrapoa jartzea. Izan ere, egun bakar batean, otsailaren 21ean, alegia, kalean baitzen ‘Egunero’, jazarritako egunkariko langileek sortua. 70.000 ale saldu ziren aurreneko egun hartan.

‘Euskaldunon Egunkaria’ kolpatzeaz gain, haren inguruko enpresa eta lagunen aurka ere egin zuen Entzutegi Nazionalak, haietako batzuen egoitzak miatuz eta beste hainbat lagun atxilotuz.

Itxieraren gertaera lazgarriak, ekainaren 21ean ‘Berria’-ren jaiotza ekarri zuen elkartasun oldeaz gain, bide luze bati eman zion hasiera, urte luzez auzipetuen bizitzetan eragina izango zuena, begi bat auzitegietara zuzenduta izatera ohitu behar izan baitzuten. Horretara ohitzerik baldin badago, bederen.

Azkenik, 2010eko apirilaren 20an, Entzutegi Nazionalak absolbitu egin zituen Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Txema Auzmendi, Martxelo Otamendi eta Xabier Oleaga ‘Egunkaria’-ko itxiera kasuko bost auzipetuak, haien kontrako frogarik ez dagoela ebatzita. Absolbitu egin zuen, beraz, ‘Euskaldunon Egunkaria’.

Absoluzioa eman zuen epaiaren irmotasunak ez du ekarri berez mehatxuaren desagerpena, oraindik ere auzi ekonomikoa irekita baitago. Egitekotan Gipuzkoan epaituko den auzian, zortzi lagun auziperatu zituen Auzitegi Nazionalak, eta Dignidad y Justiciak 13 eta 26 urte arteko espetxe zigorrak eskatu zituen haientzat, baita 235 milioi euroko isuna ere.

Nolanahi ere, 2011. urteko abenduan, Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak elkarte hura herri akusaziotik kanpo utzi zuen eta, beraz, ikusi egin behar da fiskala epaiketa egitearen aldekoa den edo ez.

Albiste guztiak ez dira txarrak, adibidez, epaitegietatik auzi honen inguruan iritsitako azken berria garaipen txikitzat har daitekeelako. Izan ere, Giza Eskubideen Europako Auzitegiak Estatu espainola zigortu baitzuen Martxelo Otamendiren tortura salaketa behar bezala ez ikertzeagatik.

Horrez gain, epailearen «utzikeria» eta «terrorismoaren aurkako» legeriaren hainbat puntu auzitan jarri zituen epaiak.

 

 

 

ERLAZIONATUTAKO ALBISTEAK
LOTURAK