Gerediagako kide batek dio ez dela inoiz zuzendari bat kargugabetu arazo ekonomikoengatik

Gerediaga Elkarteko kide Kepa Bengoak dio ez dela lehenengo aldia Durangoko Azokak galera ekonomikoak dituena, krisi garaietatik kanpo ere gertatu direla esan du, eta horregatik ez dela inoiz zuzendari bat kaleratu.

@arianekamio|Durango|2013/02/22|0 iruzkin

Aiert Goenagaren kaleratzeak «deseroso» sentiarazi duela aitortu du Kepa Bengoa Gerediaga Elkarteko kideak. Gutun bidez egin du, Durangaldeko ‘Anboto’ aldizkariaren bitartez.

Kaleratzearekin bere desadostasuna agertu du. «Ez da lehenengo aldia Euskal Liburu eta Disko Azokak diru galerak dituena, eta gertatu direnean ez ziren krisi garaiak ere, baina horregatik ez da inoiz zuzendari bat kaleratu», dio.

«Oso larritzat» jo du Goenagari zintzotasun falta leporatu izana, eta ez du ulertzen «nola pentsaratu dezakegun tamaina horretako akusazioa aurrez frogatu gabe».

Erabakia «errespetuz» hartzen du Bengoa, Gerediagako gehiengoak hala hautatu zuelako, baina hura ez duela konpartitzen gaineratu du.

Gutuna Aiert Goenagari eskerrak emanez amaitu du Bengoak, orain arte egindako lanagatik.

Gerediaga Elkarteak zuzendari ohiaren kaleratzearen berri eman zuenetik lehenengo aldia da taldeko norbaitek aferaren inguruan zerbait esaten duela.

Argi ilun ugari ditu Goenagaren kaleratzeak. Sumindura piztu du Azokako zenbait sektoreen artean eta Goenagak berak aitortu zuenez, Azoka kudeatzeko erak eragin du bere kargugabetzea. «Boterekeria» leporatu zion Gerediagari.

Kaleratzearen ondoren bilera egin zuten Gerediagak eta Azokako guneetako antolatzaileek. Hurrengo hitzordua martxorako finkatu dute.

LOTURAK