NAIZ.INFO
DONOSTIA

Estatuen «blokeo estrategia» gainditzeko, inplikaziorako deia egin diote gizarteari

Estrasburgoko Auzitegiak 197/2006 doktrinari buruzko epaia aztertzen hasteko bezperan, inplikazioa eskatu diote jendarteari Sortu, Aralar, Alternatiba, Abertzaleen Batasuna eta EA alderdiek, hori baita «estatuen blokeo estrategiak gainditzeko eta presoen eskubideak defendatzeko bermerik nagusiena».

Sortu, EA, Aralar, AB eta Alternatibako ordezkarien agerraldia Donostian. (Gari GARAIALDE/ARGAZKI PRESS)
Sortu, EA, Aralar, AB eta Alternatibako ordezkarien agerraldia Donostian. (Gari GARAIALDE/ARGAZKI PRESS)

Sortuk, Eusko Alkartasunak, Aralarrek, Alternatibak eta Abertzaleen Batasunak Donostian egin dute agerraldia, bihar Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegian aztertuko duten 197/2006 doktrinaren inguruko irakurketa egiteko.

Alderdion izenean Maiorga Ramirez eta Marian Beitialarrangoitiak azaldu dutenez, biharkoa «erreferentzia garrantzitsua» izango da Euskal Herriarentzat, haien iritziz datozen asteotan ‘Parot doktrina’ delakoaren inguruan hartu behar den erabakiarekin ez dagoelako jokoan bakarrik Ines del Rio edota doktrina aplikatu zaien 70 presoen etorkizuna.

«Europako Auzitegiak hartuko duen erabaki horrekin ere euskal preso politikoekiko Estatuek aplikatzen duten zigor estrategia jarriko da zalantzan», azaldu dute, eta uztailean emandako epaia berretsia izango den esperantza agertu, «ez baitago inolako arrazoi juridikorik» aurkakoa egiteko.

Azken asteotan Gobernu espainolak «martxan jarri dituen preso mekanismoak» kritikatu ondoren, nabarmendu dute Euskal Herrian gizarteak «ondo ulertu» duela egoera honetan «aurrera begiratu behar dela eta testuinguru honetan presoen gaian urratsak ematea eta espetxe politika bertan behera uztea elementu positiboa litzatekeela».

Orain arte preso politikoekiko Madril eta Parisek bultzatu duten espetxe politikak «sufrimendu eta eskubideen urraketa hutsa» ekarri duela salatu dute. «Presoen izaera politikoa bera ukatzen dute, baina lege bereziak, auzitegi bereziak eta salbuespen neurriak erabiltzen dituzte presoen kontra», argitu dute.

Beitialarrangoitiak eta Ramirezek Iruñean eta Bilbon izandako Gizarte Foroa eta abenduan Baionan egindako Bake Foroa izan dituzte hizpide, bertan «oso argi» geratu zelako «gaiaren garrantzia eta presoek jokatu dezaketen paperaren beharra gatazkaren konponbide integralari begira».

Presoen Kolektiboak «pausoak emateko prestutasun osoa» adierazia dutela ere gogoratu dute, eta hori bideratzeko «lehen urratsa» espetxe politika aldatzea dela.

Madril eta Parisek duten «itxikeriaren» aurrean, sakabanaketari amaiera jartzkeo, preso gaixoak askatzeko, bizitza osorako zigorra bertan behera uzteko eta espetxealdiaren 3/4ak bete dituztenak kalean uzteko aldarrikapenak «zentzu eta indar handiagoa» hartu duela gaineratu dute.

Testuinguru honetan, Estatuen «borondate falta» horren aurrean, euskal presoen kontra aplikatzen den espetxe politikaren amaiera lortzeko, urratsak emateko «protagonista bihurtu behar da gizartea».

«Gizartearen inplikazioa derrigorrezkoa da, eta izango da aurrera begira ere, estatuen blokeo estrategiak gainditzeko eta presoen eskubideak defendatzeko bermerik nagusiena», azaldu dute Beitialarrangoitia eta Ramirezek, eta azkenik, gaineratu «gizartearen inplikazioa, konpromisoa eta aktibazioa gatazka eta gatazkaren ondorioak gainditzeko bide nagusia» dela.