Naiz.info
Baiona

Ipar Euskal Herriak ez du Lurralde Elkargorik izango, Marilyse Lebranchu ministroaren arabera

Deszentralizaziorako ministro Marilyse Lebranchuk berretsi du ez dela Ipar Euskal Herriko Lurralde Elkargorik izango eta Gobernu frantsesak ez duela «geruza gehigarri bat sortuko» lurraldearentzat.

Deszentralizazioaren lege egitasmoa apirilaren 10ean aurkeztuko da Estatu frantseseko Ministro Kontseiluan. Baina, Marilyse Lebranchu ministroaren arabera, «ez dugu geruza gehigarri bat sortuko Euskal Herriarentzat. Hala ere, konponbideren bat atzemanen dugu», adierazi du Deszentralizaziorako titularrak ‘Sud Ouest’ egunkariak jakitera eman duenez.

Senatuak lege proiektua uztaila eta urria artean aztertuko du eta parlamentariek zuzenketak egin ahalko dituzte.

«Euskal erakundea barnean sartzea, sobera pisua izanen zen. Aldarrikapen hau eskualdeen garapenaz harago doa zentzu estuan. Legearen kuadrotik harago gara. Euskaldunek antolakunde berezi bat nahi dute arrazoi... euskaldunengatik. Bretoia izanki hizkuntzaren aldarrikapena ulertzen ahal dut. Baina ulertezina da eskualde hizkuntzik ez duen norbaitentzat. Aldiz, Senatu mailan lan eginen dugu gai horien inguruan», esan du Lebranchuk.

Zenbait hautetsik ez dute begi onez ikusi ministroak esandakoa. Baterako kide den Martine Bisautak orain arte izan diren adierazpenei begiratu die: «Hastapenetik Lebranchuk zehaztu zuen ez zela zehaztapen berezirik izanen lege proiektuan».

Jean-Jacques Lasserrek ere bere ezinegona nabarmendu du: «Gobernamendua hastapenetik gurekin jostatzen ari da erakunde bereziarekin, eskualde hizkuntzentzat bezala. Seinale minimo bat espero nuen ministroaren aldetik».

UMPko bozeramaile den Max Brissonek gogorki kritikatu du ministroak esandakoa: «Senatura igorriz, lehen mailako enterramendua da eskualde erakundearendako, jakinik gaiaren inguruan parlamentariek izan dituzten eztabaiden edukia, azkenean eztabaida txarrerako izaten ahal dela».