Naiz.info
Senpere

Ipar Euskal Herriko ikastolen alde konpromisoak hartzeko eskatu dute Herri Urratsen

Ipar Euskal Herriko ikastolen eta euskararen egoera larria dela ohartarazi du Seaskak Senperen ospatu den Herri Urratsen. Eguraldia lagun milaka euskaltzaleren babesa jaso du jaialdiak.

Milaka lagun batu dira Senpereko aintziararen inguruan. (Bob EDME)
Milaka lagun batu dira Senpereko aintziararen inguruan. (Bob EDME)

‘Hogeita abar urte’ lelopean ospatu da igande honetan Senpereko aintziran Herri Urrats jaialdia. Xalbador kolegioaren eraberritze proiektua finantzatzea izan du helburu aurtengo festak. Hain zuzen, Kanboko kolegioko Nere Pentzea etxea erosteko jaio zen Herri Urrats 1984an. Hortaz, biek batera ospatu dituzte urtebetetzeak.

Ipar Euskal Herriko ikastolen egoera larria dela ohartarazi du hasiera ekitaldian Paxkal Indo Seaskako lehendakariak. Frédéric Espagnac senatari sozialistarekin batera, Cristina Uriarte Lakuako Gobernuko Hezkuntza, Hizkuntz politika eta kultur sailburua, Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusia, Max Brisson UMPko lekuko burua, Marie-Christine Aragon Baionako Kontseilu Nagusiko kontseilaria, Koldo Tellitu Euskal Herriko Ikastolen elkarteko lehendakaria, Frantxua Maitia Euskararen Erakunde Publikoko lehendakaria edo Sylviane Alaux frantses parlamentari sozialista izan dira.

Indok konpromisoak hartzeko eta betetzeko deia luzatu die ordezkari politikoei. Ildo horretan, Maitiak Ipar Euskal Herriko hautetsiei dei egin die euskarazko hezkuntza babes dezaten.

Uriartek berriz, euskara sustatzeko eta erabiltzeko, Seaskako ikastolen eta hezkuntzaren garrantzia azpimarratu du. «Seaskaren alboan izan gara, eta horri eutsiko diogu, ahal dugun heinean haren lana errazteko. Eusko Jaurlaritzaren izenean, Seaskaren lana txalotzeko aukera eskaini dit jaialdi honek. Euskarak beti izango gaitu ondoan», adierazi du sailburuak.

Seaskako lehendakari Paxkal Indok konpromisoak betetzeko eskatu die erakunde publikoei. Azaldu duenez, Patxi Lopezen Gobernuak aurreko legegintzaldian ez baitzituen adostutako akordioak bete.