NAIZ.INFO
BILBO

Lan mundua euskalduntzeko konferentzia egingo du Kontseiluak ekainaren 13an

Euskarak lan munduan duen egoeraren inguruan hausnarketan egin ondoren, hura euskalduntzeko konferentzia bat antolatu du Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak. Ekainaren 13rako dago hitzordua jarrita, Arrasateko Garaia berrikuntza zentroan.

Arrasaten Kontseiluak antolatu duen konferentziaren aurkezpena. (ARGAZKI PRESS)
Arrasaten Kontseiluak antolatu duen konferentziaren aurkezpena. (ARGAZKI PRESS)

Iazko ekainean euskarak lan munduan bizi duen egoerarekin kezkatuta, aholkularitzen sektorean lan egiten duten Kontseiluko bazkideek gogoetarako deia egin zieten lan munduko eragile desberdinei.

Kontsiluko idazkari nagusi den Paul Bilbaok adierazi duenez, tarte honetan jada lan munduren euskalduntzean lanean ari diren eragileek egoeraren diagnostikoa egin eta sektoreko eragile garrantzitsuenekin hausnarketa prozesua garatu dute.

Zentzu horretan, lan mundua euskalduntzeko «ezinbesteko» diren neurrien inguruan aritu dira eragileokin: «normalizaziorako espazioen euskalduntzeak duen garrantziaz, hizkuntza-politiken eta arauaren funtzioaz, enpresek eta langileek hartu beharreko konpromisoez eta bezeroek honetan laguntzeko joka dezaketen paperaz», besteak beste.

Orain, abian jarritako prozesu horretan pauso berriak emateko tenorea iritsi dela uste du Kontseiluak.

«Lan munduan zeresana duten lau eremu nagusiei, aleagia, enpresei, langileei, administrazioari zein herritarrei, gaiaren inguruan hitz egiteko plaza» eskaini nahi du Kontseiluak eta helburu horrekin antolatu du Lan Mundua Euskalduntzeko Konferentzia, ekainaren 13rako.

Hitzordua Arrasateko Garaia berrikuntza-zentroan izango da, goizeko 9.00etatik aurrera, eta beran lau eremuetako bakoitzak bere tartea izango du.

«Lan munduan pauso garrantzitsuak eman dira azken urte hauetan, baina ezinbestekoak dira prozesua orokortzeko, azkartzeko, eraginkorrago bilakatzeko neurri berriak», nabarmendu du Bilbaok.