NAIZ.INFO
BILBO

Joseba Kanpo hil da, Korrikaren sustatzaileetako bat

Joseba Kanpo euskaltzalea, Korrikaren sustatzaileetako bat, hil da gaur goizaldean Bilbon, gaixotasun baten ondorioz.

Joseba Kanpo, 2005eko argazki batean. (Monika DEL VALLE/ARGAZKI PRESS)
Joseba Kanpo, 2005eko argazki batean. (Monika DEL VALLE/ARGAZKI PRESS)

Joseba Kanpo euskaltzalea, Korrikaren sustatzaileetako bat, hil da gaur goizaldean Bilbon, gaixotasun baten ondorioz. Deustuko IMQ erietxean zegoen ingresatuta.

Bilbotarra zen jaiotzez baina Otxandiokoa zuen familia eta han egin zuen ia bizitza osoa Kanpok. Korrikaren sustatzaileetako bat izan zen bere lehenengo edizioetan. Hasieratik egon zen AEKra lotuta eta baita euskararen alde bi urtetik behin egiten den Korrikara ere. Euskararen aldeko lasterketa antolatu zuen lehenengo taldeko partaide izan zen, hain zuzen, lehenengo Korrikakoa baita hurrengoetakoa ere.

Halaxe zioen GARAn 2007an Urtsa Erraztirekin batera –Korrikako beste sustatzaileetako bat– egindako elkarrizketan. «Ideia polita da, zerbait dator, hartzen duzu eta jarraitzen du: bukatzen ez den zerbait delako sentimendua, zerbait bizia delakoa. Ez dakit zergatik den, baina egia esan, oraingo arrakasta izango zenik, pentsatu ere ez. Eta beste gauza bat. Ez zen ideia biribil bat izan, azkenean iniziatiba herriari utzi zitzaion eta herriz herri joan zen Korrika betetzen. Gaur egun ezagutzen dugun Korrika herriak egin du, nolabait. Herriak izan du ideia bat eta herriak garatu du».

Aurten ere izan da present Korrikan. 2015. kilometroa egin zuten Erraztik eta Kanpok Erromon. Honakoa zioen Korrikaren webguneak: «Beraiei esker, beste batzuen artean, ari gara, hemezortzigarrenez, euskararen aldeko lasterketa erraldoi eta zoragarri hau egiten, Joseba eta Urtsa Korrikaren sortzaileetako bi baitira».

Kanpok berak aitortu zuen hasierako Korrika haien helburuak AEKren helburuak berak zirela. AEKren iraupenaren helburua betetzat ematen zuen, ez ordea euskararena. «Guk ez genuen espero hamabost urte geroago euskara oraindik egoera honetan egongo zenik; guk uste gnuen askoz hobeto egongo zela».