NAIZ.INFO
GASTEIZ

Euskararen Eguna jaiegun izendatzeko eskatu du EH Bilduk, Estatuaren Eguna ospatu ordez

Euskal Herria Bildu koalizioak ekimen bat erregistratu du Gasteizko Legebiltzarrean, urriaren 25eko Euskadiren Eguna delakoaren ordez, jaieguna abenduaren 3ra aldatzea proposatzen duena. Euskararen Eguna ospatzen da egun horretan.

Ohar baten bitartez, Pello Urizar EH Bilduko parlamentariak nabarmendu du koalizioak ekimena erregistratu duela Legebiltzarrean, urriaren 25eko jaieguna kendu eta haren ordez abenduaren 3a jartzeko.

Koalizio abertzalearen aburuz, Patxi Lopez lehendakari zela –eta gizartearen isla ez zen Parlamentu baten bitartez– ezarritako jaiegunak, Euskadiren Eguna bezala ezagutu denak, «zatiketa politikoa eta soziala» dakar.

Pello Urizarrek azaldu duenez, «mozioaren helburua argia da, zatiketa politikoa eta soziala dakarren data bat jai-egutegitik ateratzea eta, horren ordez, batasuna sinbolizatzen duen beste bat izendatzea».

Zentzu horretan, gaineratu du Urizarrek, «euskara, Euskal Herriaren berezko hizkuntza, euskal herritar guztion ondarea da, herri honen nortasun ikur nagusia eta, hizkuntza guztiak bezala, gizarte-kohesio eta batasun faktorea».

EH Bilduko ordezkariak iragan ostiraleko osoko bilkuran Juan Mari Aburto sailburuak esandakoak ekarri ditu gogora, argi utzi baitzuen Lakuako Gobernuak ere uste duela Estatutuaren ospakizuna gehiengo artifizial batek inposatu zuela, jaiegun horrek herritar gehienen atxikimendua ez duen arren.

Ondorioz, Urizarrek nabarmendu du ez duela zentzurik «gizartea zatikatzen duen jaiegun bat mantentzeak».

Urriaren 25a jaiegun izendatu zuen legea indargabetu beharra azpimarratzeaz gain, EH Bilduren ordezkariak adierazi du «horrelako jaiegun batek ordezkatu behar duena, batasuna eta kohesioa, alegia, hobekien sinbolizatzen duena Euskararen Eguna dela, euskal gizarte osoak babestu eta sustatu beharreko ondaretzat hartzen duelako euskara, eta onartzen duelako hizkuntza, pertsonen arteko batasunerako eta kohesiorako tresna izateaz gain, herri gisa identifikatzen gaituen ikur nagusia dela».