NAIZ.INFO
IRUÑEA

Noaingo Batailaren urteurrenaren harira, hilabete osorako egitaraua prestatu dute

Nafarroa Bizirik herri ekimenak jakinarazi duenez, Noaingo Bataila gogoan hartzeko egitarau berezia prestatu dute hainbat elkartek hilaren 29an. Hitzordu honi lotuta, hilabete osoan zehar askotariko ekimenak antolatu dituzte, hala nola, hitzaldiak, bisita gidatuak edota dokumental emanaldiak.

Memoriaren Bataila delakoaren harira eginiko kartela. (NAIZ.INFO)
Memoriaren Bataila delakoaren harira eginiko kartela. (NAIZ.INFO)

Iruñean emandako prentsaurreko batean, Nafarroa Bizirik ekimenak gogoratu du hil honen bukaeran, 1521ean izandako Noaingo Batailaren urteurrena dela, «Gamazadan gertatu zen bezala, ‘galdutzat’ eman dezakegun bataila izan zen Noaingoa ere».

Hala ere, nabarmendu dute «2013. urtean irabazten ari garen bataila baten erdian gaude, ‘Memoriaren Bataila’».

Zentzu horretan, hilaren 29an, Noainen egitarau berezia prestatu dute, 1521ean jazotakoa gogoratzeko. Martxa, dantzaldia eta herri bazkaria izango dira, besteak beste, egitarauan.

Efemeride horri begira, hilabete osorako ekimen ugari prestatu dituzte hainbat elkarte eta kolektiboren artean, tartean hitzaldiak edota dokumental emanaldiak izango direla.