Naiz.info
Lezo

Birziklatze tasa hirukoiztu egin da Lezon atez atekoarekin

Hilabete igaro da Lezon atez ateko hondakin bilketa sistema abian jarri zutenetik eta Udalak jakinarazi du denbora epe horretan hirukoiztu egin dela birziklatze tasa.

Duela hilabete ezarri zen Lezon atez ateko sistema. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)
Duela hilabete ezarri zen Lezon atez ateko sistema. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)

Lezoko alkate Ainhoa Zabalok eta Udaleko Ingurugiro zinegotzi Ainhoa Intxaurrandietak prentsaurrean adierazi dute hondakin bilketa sistema berri honekin frogatu ahal izan dela «denbora gutxian posible dela %80 baino gehiago birziklatzea». Tasa horrek 55 puntutako igoera izan du aurreko sistemaren emaitzekin alderatuta.

Datuak «benetan onak» direla nabarmendu dute eta «harro» daudela Lezoko bizilagunek egindakoarekin, «beraien inplikazioari esker sostengarriagoa den etorkizun baterantz baikoaz».

Adierazi dutenez, datuek goranzko joera erakusten dute, eta Lezo %27 birziklatzetik %83 birziklatzera igaro da. Intxaurrandietak «positiboki» baloratu du tasa horren gorakada eta atez ateko sistema «alternatibarik onena» dela defendatu du.

Atez atekoak harrabotsa eta eztabaida sortu zuen Lezon sistema berria jartzekotan zirenean, baina azken hilabete honetan «gertakari gutxi» izan direla ohartarazi du. «Sistema ezartzerako orduan arazo batzuk izan genituen, baina denbora aurrera joan ahala, desagertu egin dira», esan du Zabalok.

Udaleko bi ordezkariek Lezoko herritarrak zoriondu dituzte erakutsitako «inplikazioagatik» eta «jarraitu beharreko eredu batean» bilakatu direlako.