Naiz.info
Donostia

Gipuzkoa «Zero Zabor lurraldea» izan dadin, manifestazioa deitu dute larunbatean Donostian

Bruselak Gipuzkoako Aldundia zaborren aferan egiten ari den lana «onetsi» duela gogorarazi dute hainbat eragilek eta «Gipuzkoa osoa Zero Zabor lurraldea» izan dadin hartu beharreko neurriak hartzeko eskatu dute. Manifestazioa deitu dute larunbaterako, 17.30ean, Donostiako Bulebarretik.

Hainbat eragilek egin dute manifestaziorako deia, Donostian. (Andoni CANELLADA/ARGAZKI PRESS)
Hainbat eragilek egin dute manifestaziorako deia, Donostian. (Andoni CANELLADA/ARGAZKI PRESS)

Errausketaren Aurkako Herri Plataformen Koordinakundea, Eguzki, Ekologistak Martxan, Greenpeace, CCOO, ESK, STEE-EILAS, Ezker Anitza, Ezker Batua, Erabaki, Gorripideak eta Sortuk agerraldi bateratua egin dute Zubietako errauste-planta behin betirako geldiaraz dadin.

Hondakinen Partzuergoak errauste-plantaren eraikuntza behin-behinean etetzea erabaki zuela gogorarazi dute, baina behin betiko gelditzea oraindik ez dela heldu ohartarazi dute, «aurreko arduradunek proiektua atzera-bueltarik gabekoa bihurtu nahian, inongo zilegitasunik gabe eta ezkutuan banketxeekin abusuzko baldintza batzuk sinatu baitzituzten, bereziki garestiak proiektua gelditzeko edo bertan behera uzteko».

Beraien iritziz, atez ateko sistemarekin «bide onetik goaz», eta Gipuzkoako Aldundiak hondakinen aferan egindako lana Bruselak «onetsi» duela gogorarazi dute.

Ildo horretan, «Gipuzkoa osoa Zero Zabor izan dadin ahaleginak egin» eta beharrezkoak diren neurriak hartzera deitu dute.

Larunbatean manifestazioa izango da Donostian, arratsaldeko 17.30ean, Bulebarretik abiatuta.