NAIZ.INFO
BAIONA

Ekainaren 18an hartuko dute Ibon Fernandezen aurkako euroagindu eskaeren inguruko erabakia

Paueko epaitegiak ekainaren 18an erabakiko du Ibon Fernandezen aurkako bi euroagindu eskaerak onartzen dituen ala ez. 30 urteko kartzela zigorerra kondenatuta dago Fernandez eta esklerosi anikoitza du, eritasun larri eta sendaezina.

2003. urtetik Estatu frantsesean preso den Ibon Fernandezi bi euroagindu eskaera jakinarazi dizkiote maiatzaean zehar eta gaur argitu du Paueko epaitegiak datorren ekainaren 18an hartuko duela eskaera hauen inguruko erabakia, kazeta.info-k adierazi duenaren arabera.

Fernandezek esklerosi anikoitza du, eritasun larri eta sendaezina. 30 urteko kartzela zigorerra kondenatua dago, horietatik 20 derrigorrez betetzeko aginduarekin. Gainera, beste hiru auzi ditu Estatu espainiarrean.

Gauzak horrela, presoaren berehalako askatasuna eskatu dute Etxeratek eta Herrirak, eta azken honek protesta ekimena ere egin du Pauen.

Etxeraten ustez, larriki gaixo dauden presoak askatzea permititzen duen legeria aplikatu beharrean «mendeku politika» hobesten dute bi estatuek. Horregatik, «euroaginduen ukapena, larriki gaixo dauden presoak askatzea eta bizi arteko zigorra ekartzen duten neurri guztiak bertan behera uztea» eskatu du.