NAIZ.INFO
IRUÑEA

Hilaren 22an gorpuztuko dute herri harresia Gaztelu Plazan, Iruñerriko bost gazteren defentsan

Auzitegi Nazional espainolak Iruñerriko bost gazteri ezarritako seina urteko espetxe zigorra uztailaren 3an aztertuko du Gorenak. Horren zain egon gabe, ekainaren 22an gazte horien defentsan herri harresia eraikiko dute, Gaztelu Plazan.

Gorenaren epaiaren zain dauden bost gazteetako lau agerraldian izan dira. (Idoia ZABALETA/ARGAZKI PRESS)
Gorenaren epaiaren zain dauden bost gazteetako lau agerraldian izan dira. (Idoia ZABALETA/ARGAZKI PRESS)

Gaztelu Plazan eskainitako agerraldi batean, herri harresia eraikitzeko hurrengo hitzorduaren berri eman dute.

Kasu honetan, Iruñerrian jarriko dira abian dinamika berriak. Izan ere, uztailaren 3an aztertuko baititu Auzitegi Goren espainolak bertako bost gazteren militantzia politikoari Auzitegi Nazional espainolak ezarri zizkion seina urteko espetxe zigorrak.

Horietako lau –Xabier Sagardoi, Maider Caminos, Aritz Azkona eta Luis Goñi– agerraldian izan dira. Mikel Jimenez espetxean dago.

Segi edota Ekineko kide izateagatik epaitu zituzten, absolbituak izan ziren beste lau gazterekin batera. Atxiloaldian torturatuak izan zirela salatu zuten epaiketan.

Herri harresiaren baitako dinamikak eraikitzeko hainbat asanblada burutu dituzte, eta gaur jakinarazi dutenez, ekainaren 22an jarriko dute martxan harresi hori, Gaztelu Plazan.

«Estatuko botereei ozen esan nahi diegu iritsi zaiela sententzia hauek bertan behera uzteko unea», nabarmendu dute Azkonak eta Caminosek, bost gazteen izenean.

Gorenak zigorraz egingo duen azterketari begira, argi utzi dute bost gazteen absoluzioa dela «konponbide politikoari ekarpen positiboa egingo dion ebazpen bakarra».

«Donostian eta Ondarroan erakutsi zuten moduan, Iruñerrian ere ez gaude atxiloketa gehiago onartzeko prest», ohartarazi dute Azkona eta Caminosek.

Gainera, gogoratu dute oraindik 200 euskal herritar baino gehiago daudela epaiketa zain, eta azpimarratu egin dute «kartzelak husteko garaia dela, ez hauek betetzeko».

Hori dela-eta, bost gazteei babesa adierazteko herri harresian parte hartzeko deia egin dute, eta eragile sozial eta politikoen inplikazioa galdegin.