NAIZ.INFO
PAUE

Beñat Atorrasagastiren aurkako euroagindua atzera botatzeko eskatu du fiskalak

Paueko Auzitegiak hilaren 11an eta 16an jakinaraziko du Beñat Atorrasagastiren, Jokin Aranalderen eta Ibon Fernandez Iradiren aurkako euroaginduak onartzen dituen ala ez. Aitor Zubillagari dagokionez, uztailaren 16an jakingo da bere abokatuaren eskaera aintzat hartzen duen ala ez.

Atorrasagasti eta Aranalde epaitegiaren kanpoaldean. (Maia SUOMI)
Atorrasagasti eta Aranalde epaitegiaren kanpoaldean. (Maia SUOMI)

Paueko Dei Auzitegiko Instrukzio Ganberak gaur goizean aztertu ditu Jokin Aranalde, Beñat Atorrasagasti eta Aitor Zubillaga duela aste batzuk atxilotutako iheslarien kontrako euroagindu eskaerak.

Atorrasagastiren auzian, fiskalak euroagindua atzera botatzeko eskatu du, Kazeta.infok dionez. Erabakia ostegun honetan jakingo da.

Aranalderi dagokionez, abokatuak defentsa prestatzeko denbora gehiago eskatu du baina epaileak uko egin dio eskaerari eta prozedurak aurrera jarraitu du. Hilaren 16an jakinaraziko du erabakia.

Zubillagaren kasuan, hilaren 16an jakingo da abokatuek eskatu duten «nulitatea» onartzen duten edo euroaginduari buruzko informazio gehiago galdegingo dioten Auzitegi Nazional espainolari.

Hiru iheslari politikoen aurkako eskaerak ez ezik, Ibon Fernandez Iradirena ere aztergai izan du Paueko Auzitegiak eta erabakia ere heldu den asteartean emango da ezagutzera. Bai abokatuak baita prokuradoreak ere Estatu frantsesean duen zigorra (30 urte) bete arte espainiaratua ez izateko eskatu dute, jakinik presoak esklerosi anizkoitza duela eta gaixotasun larri horrengatik aske gelditzeko prozedura bat abian dela.

Manifestazioa 20an

Azken atxiloketak salatu eta euroaginduak bertan behera uztea exijitzeko, Bake Bideak manifestazioa antolatu du Baionan, datorren uztailaren 20n.