NAIZ.INFO

Aitzol Gogorza larriki gaixo dagoen presoa ospitaleratuta dagoela jakinarazi du Etxeratek

Aitzor Gogorza larriki gaixo dagoen presoa ospitaleratuta dagoela jakinarazi du Etxerat elkarteak. Obsesio konpultsiboa pairatzen du eta, antza, krisialdi bat izan du. Larriki gaixo dauden euskal presoen askatasuna galdegin du elkarteak.

Aitzol Gogorza euskal preso errenteriarra ospitalean aurkitzen da atzotik, Etxerat elkarteak jakinarazi duenaren arabera. Antza denez, krisialdi bat izan du. Urte luzeetako obsesio konpultsiboa pairatzen du presoak, sintoma psikotikoekin.

Etxeraten arabera, espetxeak eta bertako bizi baldintzek «eragin zuzena» dute bere gaixotasunean. Behin eta berriz salatu izan dute presoaren egoera, bai eta espetxeak eragiten duen kaltea «agerikoa» dela.

Hala, Gogorzaren kasua ez dela bakarra gogoratu du elkarteak, Ventura Tome edota Txus Martinen kasuak aipatuz.

Gauzak horrela, Etxeratek argi du gaixotasun larriak pairatzen dituzten presoak aske egon behar dutela.