NAIZ.INFO
BILBO

Aitzol Gogorza presoa berriro Basauriko espetxera eraman dute

Aitzol Gogorza presoa Basauriko espetxera bidali dute berriro Basurtuko ospitaletik, Etxeratek jakinarazi duenez. Herrirak elkarretaratzea egin du erietxearen aurrean, errenteriarraren askatasuna aldarrikatzeko.

Basurtuko ospitalearen aurrean kontzentrazioa egin du Herrirak. (ARGAZKI PRESS)
Basurtuko ospitalearen aurrean kontzentrazioa egin du Herrirak. (ARGAZKI PRESS)

Aitzol Gogorza asteartean eraman zuten Basauriko espetxetik Basurtuko ospitalera, krisialdi bat izan zuela-eta. Gaixotasun larria du errenteriarrak. Etxeratek jakinarazi duenez, gaur jakin dute ostegun arratsaldetik berriro ere kartzelan dagoela.

Presoen senideen elkarteak Gogorzak eta gaixotasun larriak dituzten beste hamalau presoek aske behar dutela nabarmendu du, dagokien arreta mediku egokia jaso dezaten.

Elkarretaratzea

Aldarrikapen hori plazaratzeko elkarretaratzea egin du Herrirak Basurtuko ospitalearen aurrean. Gogoratu duenez, errenteriarrak gaixotasun sikologiko larria du eta aste honetan hirugarren aldiz ingresatu dute ospitalean. Osasungintza alorreko profesionalak eta kristau elkarteetako zenbait ordezkari ere bertan izan dira.

Garbiñe Erriondok eta Ana Saez de Urabainek gaixotasun larriak dituzten presoek pairatu behar duten egoera salatu dute eta euskal jendartearen gehiengoak presoen egoerari konponbidea emateko espetxe politika aldatzeko eskatzen duela adierazi dute.