Xole ARAMENDI - GAUR8.INFO
ZARAUTZ

Ardoaren kultura

Ardoarena gizonezkoen mundua da. Edo zen. Emakumeak pixkanaka ari dira ardogintzan beren tokia egiten. Gero eta gehiago dira enologoak eta upategien nagusiak. Baita sommelierrak ere. Eta kontsumitzaileak, zer esanik ez. Emakumearen sarrerari dagokionez, batzuek botila erdi beteta ikusten dute eta, besteek, oraindik erdi hutsa.

Zarauzko Talaimendiko mahastiak. (Jagoba MANTEROLA/ARGAZKI PRESS)
Zarauzko Talaimendiko mahastiak. (Jagoba MANTEROLA/ARGAZKI PRESS)

Emakumeak dezente berriak dira ardogintzan. Garai batean ezin zuten upategietara sartu eta hilekoarekin egonez gero ardoa hondatuko zuten ustea zabalduta zegoen.

Ez hori bakarrik. Ardoa edatea bera debekatuta zuten. «Senarrak emazteari musu ematen zion ardorik edan zuen ala ez jakiteko. Eta ardoa edan bazuen, zigortu egingo zuen. Publikoki eta etxean debekatuta zuten ardoa edatea», adierazi du Irati Amondarain enologoak.

Bainak gauzak aldatuz joan dira, pixkanaka bada ere. Emakume kontsumitzaileak ugaritzen ari dira. Ardo dendetako eta tabernetako paisaiari erreparatu besterik ez dago. Eta dastaketa taldeetan ere parte hartzen dute.

Lehen ardogileak fraideak izan ziren. Komentuetan aritzen ziren zeregin horretan, urte osoan zer edana izateko. Upategi baten ardura hartu zuen lehen emakumea Veuve Clicquot izan zen –Barbe-Nicole Ponsardin zuen ezkondu aurreko izena–, Frantziako Champaigne eskualdekoa. Senarra 1805ean hil eta bizimodua aurrera ateratzeko beste modurik ez zuen izan. Gauzak ondo egin zituen seinale, Clicquoten ardurapean garai onak ezagutu zituen upategi entzutetsuak.

Gure artean ere gero eta gehiago dira upategien ardura beren gain duten emakumeak. Aurreko belaunaldien eskutik hartutako negozioak izan ohi dira gehienetan. Lehen ez bezala, Enologia ikasketetan erdi eta erdi dira neskak eta mutilak orain.

Eta ardoa dastatzerakoan ere erakutsi dute beren gaitasuna emakumeek. Urrezko Sudurra lehiaketa ezagunean hainbat aldiz izan dira garaile. «Esaten dute emakumeok sentsibilitate handiagoa dugula usaimenerako», adierazi du Presen Urkizu ardo saltzaileak.

«Dastatzeko une egokiena emakumea haurdun dagoenean omen da», nabarmendu du Amondarainek.

Ardo ekoizlea den herrialde batean, Argentinan, esaterako, emakumeena merkatu potentziala dela ikusi eta eurei zuzendutako ardo bereziak egiten hasi dira. Bai usainez bai zaporez oso gozoak dira.

Marketina ahaztu gabe. «Etiketa bereziki zaintzen dute, emakumeen arreta pizteko», esan du Amondarainek. Euskal Herrira oraindik ez da iritsi joera hau. Gure merkatuan diseinua gero eta gehiago zaintzen da, baina ez bereziki emakumezkoentzat. «Gizonei zuzendutakoekin gauza bera gertatzen da», Urkizuren esanetan.