@aimar_etxe
Donostia

Herri harresia uretara eramango dute igandean Donostian

Urritik aurrera Espainiako Auzitegi Nazionalean abiatuko diren epaiketak medio, ur harresia irudikatzera deitu du Eleak Mugimenduak, ‘Babestu gure trainera laranja’ lelopean. Datorren igandean izango da ekimena, Donostiako kaiko arranplan.

Ur Harresia deituriko ekimenaren aurkezpena. (Jagoba MANTEROLA / ARGAZKI PRESS)
Ur Harresia deituriko ekimenaren aurkezpena. (Jagoba MANTEROLA / ARGAZKI PRESS)

Irailaren 1ean egingo duten ekimen baten berri emateko prentsaurrekoa eskaini du Eleak mugimenduak. Txerra Bolinagak hartu du hitza, 35/02 sumarioan auzipetuta dauden Agus Rodriguez, Joseba Alvarez eta Juan Lizasoren laguntzarekin.

Bolinagaren arabera, «oporretan» jarraitzen dute oinarrizko askatasunek. Bilboko txupineraren, Laudioko pregoilariaren edota Luis Goñi eta Xabier Sagarodi barañaindarrek bizi duten egoera jarri ditu adibidetzat.

Egoera hauen aurrean, desobedientziaren bidean urratsak emateko deia egin du, argi izanda pauso desobediente bakoitzak erantzun errepresibo bat izango duela atzetik.

Kurtso berriarekin batera herri harresiak osatzeko aukerak ugaritu egingo direla gogorarazi du, urrian Espainiako Auzitegi Nazionalean hasiko diren epaiketen harira (35/02 auzia eta 40 gazte independentisten aurkakoa). Bolinagaren esanetan, 260tik gora euskal herritar dira egun epaiketa edo sentenzien zain daudenak.

Testuinguru honetan, urezko herri harresia osatzera deitu du euskal gizartea. Datorren igandean izango da ekimena, Donostiako kaiko arranplan. 12.30ean jarri dute zita.