NAIZ.INFO
IRUÑEA

197/2006 doktrina bertan behera uzteko eta bakeari aukera bat emateko aldarrikatu dute Iruñean

Iruñeko Anaitasuna pabilioia bete egin da gaur arratsaldean Herritarron Epaia ekimenari amaiera emateko. 197/2006 doktrina bertan behera uzteko eta bakeari aukera bat emateko aldarrikatu dute bertan bildu direnek. Urtarrilean Bilbon manifestaziorik ez dela izango iragarri dute, bestelako ekimen bat baizik: «tantaz tanta, itsasoa osatzea».

Egoitz Luisa eta Jone Galarza Herrirako kideen hitzartzea. (Iñigo URIZ/ARGAZKI PRESS)
Egoitz Luisa eta Jone Galarza Herrirako kideen hitzartzea. (Iñigo URIZ/ARGAZKI PRESS)

Anaitasuna pabilioia bete egin da gaur arratsaldean, Herritarron Epaiaren amaierako ekitaldian. 197/2006 doktrinaren aurkako ekimen honek 80 herri baino gehiago bisitatu ditu udan zehar eta eta atxikimendu ugari bildu du, herritar nahiz eragile politiko, sindikal eta sozialenak.

Babes hori ere islatu da Anaitasunako ekitaldian eta EH Bildu, Aralar, Alternatiba, Sortu, EA, IU, Eusko Ekintza, ELA, LAB, ESK, CCOO, EHNE eta beste hainbat eragile politiko, sozial eta sindikalen ordezkariak bertan izan dira.

Carlos Olalla eta Maite Bidarte kazetariek egin dituzte aurkezpen lanak. Anaitasunaren erdian 600 aulki huts jarri dituzte, euskal presoak irudikatzeko. Hitzartzeak, bideoak eta musika emanaldiek tartekatu dira ia bi orduz.

Preso ohiek euren esperientziaren berri eman dute, bideo baten bidez, eta iheslarien testigantza ere entzun da ekitaldiaren hasieran.

Horretaz gain, Martina Anderson, Mark Demesmaeker, Tatjana Zdanoka eta Iñaki Irazabalbeitia europarlamentariek Bruselatik igorritako mezua ere entzun da.

Unerik hunkigarrienetako bat Etxerateko Idoia Mujikaren hitzaldia izan da. Preso eta senideen eskubideak aldarrikatu ditu, baita «bizitzeko eskubidea eta bakean bizitzeko eskubidea» ere.

«Zuen sostenguari eta elkartasunari esker jarraitu dugu arnasa hartzen, baina orain garaia da harlauza astun hau gainetik kentzeko eta denok norabide berean bultza egiteko eskatzera etorri gara», nabarmendu du ikusleen txalo artean.

Herrirako Jone Galarza eta Egoitz Luisak, berriz, Europara igorriko duten «epaia» honakoa dela azaldu dute: «Giza eskubideak, konponbidea, bakea, hau da, 197/2006 doktrina berehala indargabetu dezatela».

Urtarrilean manifestaziorik ez

Ekitaldiaren bigarren zatian, Gotzon Sanchez aktoreak eta Miren Amuriza bertsolariak Herrirak datozen hilabeteotan abian jarriko duen dinamikaren berri eman dute. Iragarri dutenez, urtarrilean ez da manifestaziorik egingo Bilbon, bestelako ekimen bat baizik. «Tantaz tanta, itsasoa» osatu nahi da, eta horretarako «gutako bakoitza ur tanta ezinbestekoa izango da». Ez da manifestazioa izango eta ez da pankartarik izango, «eremu publikoaren okupazioa» baizik. «Inoizko handiena Euskal Herriko historia hurbilean eta, une jakin batean, denok gora begiratu eta gure tanta zerurantz altxatuko dugu. Eta orduan itsasoa izango gara, giza eskubideen, konponbidearen eta bakearen aldeko itsasoa», azaldu dute.

Hori baino lehenago, ordea, Herrirak iragarri du azaroan jardunaldiak eta mobilizazioak antolatuko dituztela Estatu frantseseko espetxeetan gaixorik dauden presoen askatasuna aldarrikatzeko. Abenduaren 7an Durangon «olatu erraldoia» osatzeko deia egin dute eta hile horren 10ean sakabanaketari buruzko eta espetxeetan izaten diren giza eskubiden urraketei buruzko jardunaldiak hasiko dira Iruñean.

Ekimen guzti horietarako gizarte sektore gutzien inplikazioa bilatuko du. Preso eta senideek aplikatzen zaizkien «salbuespen neurriak» atzean utzi beharraz gizartean dagoen adostasuna gogora ekarri dute eta hori baliatuta egitekoa «milaka pertsona aktibatzea» izan behar dela nabarmendu dute, «Madril eta Parisen inmobilismoa gainditzeko».

‘Give peace a chance’

Ekitaldiaren bukaeran, Vendetta taldearen laguntzaz, eragile ugari igo dira oholtzara eta John Lennonen ‘Give peace a chance’ abestu dute, Anaitasunan bildu diren guztiekin batera. Anjeles Iztueta, Tasio Erkizia, Bakartxo Ruiz, Javier Madrazo, Jose Navas, Martxel Toledo, Ainhoa Etxaide, Txerra Bolinaga, Pernando Barrena eta Miren Aranoa izan dira, beste askoren artean.