NAIZ.INFO
IRUÑEA

Herri harresia indartzeko deia egin dute talde antimilitaristetan ibilitako hamarka lagunek

Talde antimilitarista ezberdinetan aritutako 60 lagun inguruk gutun bateratua argitaratu dute, jarduera politikoagatik 6 urteko espetxe zigor bana jaso duten berriki espetxeratutako Xabier Sagardoi eta Luis Goñi gazte nafarren egoera salatu eta desobedientzia zibilaren balioa aldarrikatzeko.

Iruñeko espetxe zaharraren eremuan aurkeztu dute herri harresiaren aldeko gutuna. (Iñigo URIZ/ARGAZKI PRESS)
Iruñeko espetxe zaharraren eremuan aurkeztu dute herri harresiaren aldeko gutuna. (Iñigo URIZ/ARGAZKI PRESS)

Iruñeko espetxe zaharra zegoen orubean eginiko agerraldian, mugimendu antimilitaristan ibilitako 60 bat lagunek herri harresiaren alde izenpetutako idatzia aurkeztu dute sinatzaileetako batzuek.

Prentsaurrekoaren lekukoa ez dute kasualitatez hautatu. Izan ere, sinatzaileetako asko espetxeratuta izan zituen Iruñeko kartzela zaharraren eremutik nabarmendu nahi izan dute «desobedientzia zibilaren indarra». «Azken finean, giza eskubideak murrizten dituzten legeen gainetik kontzientzia askatasuna aldarrikatu nahi dugu, eta berarekin batera jarduera politikoak libreki adierazteko eskubidea», esan dute.

Sinatzaile gehienak nafarrak diren arren, badira ere Euskal Herriko beste herrialde batzuetakoak, madrildarrak, kanariarrrak edota valentziarrak, besteak beste.

Sei puntuko hausnarketa biltzen duen gutunean azaltzen dute, lehenik eta behin, «edozein demokraziaren oinarrizko elementua giza eskubideen defentsa eta bermea izan beharko litzateke», eta «zoritxarrez» gure inguruan eskubideen aferan «atzera goazela» argitu dute.

Bigarrenik, aipatu testuinguruak dakarren disidentzia politikoaren kriminalizazioa nabarmena dela azpimarratu dute, «bereziki Estatu espainiarrean».

Ondorengo ataletan gogoratzen dute ETAren jardun armatuaren bukaera ezin dela «inolaz ere, bakearekin parekatu» eta, zentzu horretan, adierazi dute berrehun lagun baino gehiago daudela jarduera politikoagatik espetxeratuak izateko arriskuan.

Intsumisoaren kanpainak erakutsi zuen bezala, desobedientzia zibilak eraldaketa sozialari eskaintzen dizkion aukerak azaldu ondoren, herri harresia indartzeko deia egin dute.

Ildo horretan, elkartasuna adierazi diete Segiko kide izateagatik zigortu dituzten Xabi Sagardoi –berriki espetxeratua– eta ezkutuan dagoen Luis Goñi gazteei, eta haien «eskubideak defendatzeko asmoz sortzen ari diren desobedientzia zibil ez-bortitzean oinarritutako ekimenekin» bat egin dute.