NAIZ.INFO
BILBO

Pentsioen erreformaren aurkako mobilizazioak deitu dituzte larunbat honetarako

ELA eta LAB sindikatuek, Gune plataforma osatzen duten gainerako eragileekin batera, mobilizatzeko deia egin dute, pentsioen erreformari ezezkoa adierazteko. Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan izango dira protestak, datorren larunbatean.

Gune plataforma osatzen duten eragileen agerraldia, Bilbon. (ARGAZKI PRESS)
Gune plataforma osatzen duten eragileen agerraldia, Bilbon. (ARGAZKI PRESS)

Gune plataforma osatzen duten sindikatu eta gizarte eragileek agerraldia egin dute Bilbon, pentsioen erreforma «lapurreta bat» dela salatu eta Euskal Herriko erakundeei eskatzeko erreforma horrek dakartzan ondorioak ekidin ditzala.

«Argi eta ozen esan nahi dugu alternatiba errealak egon badaudela. Borondate politikoa badago, bestelako neurriak aplikatu litezke», nabarmendu dute ELAko idazkari nagusi Adolfo Muñozek eta LABeko Ainhoa Etxaidek.

Azaldu dutenez, Madrilgo Gobernua bankaren eta aseguru-konpainien «mesedetan ari dira», eta haientzat «pentsiondunok –oraingoak eta gerokoak– ez dugu baliorik pertsona gisa». «Kontuan hartzen bagaituzte, pentsioetatik dirua kentzeko da; gero espekulazioaren eta bankuen zorrak estaltzeko erabiliko dutena», kritikatu dute Muñozek eta Etxaidek.

Zentzu horretan, dei egin diete Hego Euskal Herriko erakundeei, pentsio publiko duinak berma ditzaten. Hala ere, EAJ, PSE eta PPk sinatutako itun fiskalak «Madrildik datorrena ontzat» ematen duela arbuiatu dute eta egungo politiketan sakontzen duela gaineratu.

Azkenik, larunbatean Bilbo, Gasteiz, Iruñea eta Donostian egingo diren mobilizazioetan parte hartzeko deia egin dute.