Naiz.info
Iruñea

Mosaiko erraldoia osatu dute Iruñean, 2010eko txupinazoko auzipetuekin elkartasunez

Ehunka lagunek mosaiko erraldoia osatu dute Iruñeko Udaletxe Plazan, Nafarroako bandera eta ikurrina irudikatuz. Ekintzaren bitartez beren elkartasuna adierazi diete 2010eko txupinazoaren ondoren auzipetuak izan ziren 13 lagunekin elkartasunez. 

Mosaiko erraldoia osatu dute Iruñeko Udaletxe Plazan. (Iñigo URIZ/ARGAZKI PRESS)
Mosaiko erraldoia osatu dute Iruñeko Udaletxe Plazan. (Iñigo URIZ/ARGAZKI PRESS)

Ehunka izan dira gaur goizean Iruñeko Udaletxe Plazan deitutako ekimenarekin bat egin duten herritarrak. Guztien artean mosaiko erraldoia osatu dute, Nafarroako bandera eta ikurrina irudikatuaz. ‘Ikurrina bai, espainola ez’ edo ‘Ikurrina aurrera’ izan dira ekintzan zehar ohiukatutako lelo nagusiak.

2010eko sanferminetako txupinazoaren harira auzipetutako hamairu lagunen izenean, Aitor Solak adierazi du ekintza horren bitartez azaroaren 18an abiatuko den epaiketa errefusatu nahi izan dutela, «ikurrina oraindik jazarpen elementu dela» erakusten baitu beraien aurkako prozedimentuak.

Ikurrinaren defentsa espetxearekin zigortzen dela kritikatu du eta «herritar guztien eskubideak errespetatuko diren Iruñea bat eraikitzeko gonbidapena» luzatu, «gaur gaurkoz lehenengo eta bigarren mailako herritarrak baitaude, UPN tematuta baitabil ikurrina eta euskal kulturarekin zerkusia duen oro debekatzeko».

2010eko sanferminetako txupinazoaren ondoren auzipetu zituzten 13 lagunen aurkako epaiketa azaroaren 18an abiatuko da Nafarroako Auzitegian eta hilaren 22ra arte luzatuko da. Fiscalak «gutxienez» 2 urteko espetxe zigorra eskatzen du haien aurka, akusazio partikularrak bakoitzari hamaika urte ezartzea eskatzen duen bitartean.