NAIZ.INFO
BILBO

Madrilen burutzen ari diren makroepaiketen zio politikoa salatu dute auzipetuek

Auzitegi Nazional espainolean epaitzen ari diren 26/11 eta 35/02 sumarioetan auzipetutakoek nabarmendu dute agerian gelditu dela «jarduera politikoak» ari direla epaitzen. «Epaiketa hauetan arrazoi politiko eta soziala irabazi ditugu. Eta konfidantza osoa dugu: arrazoi juridikoa ere irabaztera goaz», aldarrikatu dute.

Gazte independentisten aurkako sumarioan auziperatuta dagoen Mikel Totorikak eta Batasunaren aurkakoan auzipetuta dagoen Karmelo Landak agerraldia egin dute, oraindik martxan dauden epaiketen inguruko irakurketa egiteko.

Totorikak azaldu duenez, 26/11 sumarioaren epaiketari hiru fase baino ez zaizkio geratzen: akusazioaren zein defentsaren perituen deklarazioak, bi aldeen ondorioak eta akusatuen azkenengo hitza. Urtarrilaren 16, 17, 30 eta 31an burutuko litzateke guztia.

Gogoratu duenez, auziperatuek, haien deklarazioetan, argi utzi zuten «arazoa ez dutela sigla batzuekin, baizik eta gazteria oso batekin», eta beren militantzia politikoa aldarrikatu duten.

Epaiketa salatzeko lehen egunean ateratako puxika laranjak atera zituztela gogoratu du, eta beste lau lagunek ez aurkeztea erabaki zutela.

Horrez gain, epaitegi horren aldetik «erabaki historiko» bat ere lortu zutela azpimarratu du: «Gu, akusatuak, gure torturatzaileek deklaratzen zuten bitartean, salan presente ez egotea. Era honetan epaileek gure torturen onarpen inplizitu edo esplizitua agerian utzi zuten».

«Aurreratzen dizuegu, epaitegian behintzat, guk auzipetuok ez daukagula ezer gehiago esaterik, nahi arrazoi politiko eta judizial dituztela gu 40ok libre uzteko», adierazi du Totorikak.

«Urtutako akusazioak»

Karmelo Landak, bere aldetik, argi utzi nahi izan du 35/02 sumarioan auzipetuta daudenen aurkako akusazioak «urtu» egin zaizkiela, eta horregatik ari direla inputazio «berriak asmatzen».

Bereziki herriko tabernak kriminalizatzen saiatu direla azpimarratu du, «helburu bakarraren bila», kultur elkarte hauen konfiskazioa, hain zuzen.

Ostegun honetan hasi eta martxoaren 19ra arte, polizien deklarazioak izango dira, 24 saiotan.

Hortaz, Totorikak eta Landak esan dute argi gelditu dela «jarduera politikoak direla jazarriak izan direnak eta egun izaten ari direnak».

«Arrazoi politiko eta soziala» irabazi dituztela adierazi ondoren, arrazoi juridikoa ere irabaziko duten konfidantza osoa agertu dute.

«Gure iritziz, aurkako sententzia egotea onartezina litzateke», azaldu dute.

Azkenik, herritarrei dei egin diete, Libre! dinamikaren baitan antolatzen diren ekimenetan parte har dezaten.