Naiz.info
Baiona

Gerra zikinaz azalpenak eskatu dizkio EH Baik Parisi Ramon Oñaederraren urteurrenean

Hogeita hamar urte bete dira GALek Ramon Oñaedera ‘Kattu’ hil zuenetik eta EH Baik gerra zikinari buruz azalpenak eskatu dizkio Gobernu frantsesari, bai bere kasuaren inguruan eta baita desagertutako beste euskal herritarri buruz ere, Jon Anza eta Lasa eta Zabala kasu.

Oñaederraren senitarteko eta lagunek abendu hasieran eskainitako agerraldia. (Gorka RUBIO/ARGAZKI PRESS)
Oñaederraren senitarteko eta lagunek abendu hasieran eskainitako agerraldia. (Gorka RUBIO/ARGAZKI PRESS)

1983ko abenduaren 19an GALek tiroz hil zuen Ramon Oñaederra ‘Kattu’ Baiona ttipian, Kaietenea ostatuan. Bi hilabete lehenago, urriaren 15ean, Lasa eta Zabala bahituak izan ziren, eta ondoren torturatuak eta hilak.

Hogeita hamar urte bete dira gaur Oñaederraren heriotzetik, baina oraindik galdera ugari erantzunik gabe daudela ohartarazi du EH Baik. Horren harira, Jon Anzaren kasua ere gogora ekarri du. «Estatu frantsesak badu bere erantzukizuna, gerra zikinaren gertakari hauetan esku hartze maila ukan zuelako». «Ezin da ulertu nola eragin zitekeen, inpunitate osoz, hainbeste hildako eta zauritu ez bazen Estatu frantesesko ordezkarien kolaboraziotik», gaineratu du.

Mediapart webguneak Jose Amedoren elkarrizketa argitara eman duela ere azpimarran jarri du koallizioa, non Polizia frantsesaren esku sartze zuezena aipatzen zuen. «Are gehiago –esan du–, konfirmatzen du haien eskariz burutu zela Xabier Manterolaren kontrako atentatua».

Hala, galdera jaurti du EH Baik. «Zer daki horri buruz orduko lehen ministro eta gaurko Gobernuko kide Laurent Fabiusek?». «Ausardia» galdegin dio koalizioak François Hollanderen Exekutiboari, «euskal jendartearen etorkizunari begira jartzeko egoera politiko berri honetan, pausu sendoak emateko gatazkaren ondorioen inguruko ikertze eta argitaratze lana eramateko, egia zor diolako Euskal Herriari».