NAIZ.INFO
DONOSTIA

Etxeratek «kartzelak hustuko» ditu urtarrilaren 11n Bilboko itsasoaren tanta bilakatzeko

Urtarrilaren 11n Bilbon sakabanaketaren aurka burutuko den mobilizazioari bere atxikimendu «osoa» adierazi dio Etxerat elkarteak eta, era berean, asteburu horretan aurreikusita zituzten bisitak ez dituztela burutuko jakinarazi du.

Etxerat elkarteak bat egin du U11ko mobilizazioarekin. (Andoni CANELLADA/ARGAZKI PRESS)
Etxerat elkarteak bat egin du U11ko mobilizazioarekin. (Andoni CANELLADA/ARGAZKI PRESS)

Etxerat elkarteak urtarrilaren 11rako Tantaz Tanta ekimenak deitu duen mobilizazioaren inguruko bere irakureta adierazteko prentsaurrekoa eskaini du gaur goizean Donostian. Bertan, atxikimendu «osoa» adierazi diote euren senide eta lagunen eskubideen alde egingo den mobilizazioari eta, bide batez, asteburu horretan Estatu espainiarrean eta frantsesean, naiz Britainia Handian, Irlandan eta Portugalen aurreikusita zituzten bisitak ez dituztela burutuko jakinarazi dute.

Ildo horretan, eurek ere urtarrilaren 11ko mobilizazioan parte hartuko dutela aurreratu dute. Izan ere, egun hori «eskubideen errespetuarekin zita garrantzitsu» bezala definitu dute eta, horregatik, «ziur» agertu dira euskal gizarte osoak ere «tantaz tanta filosofiarekin» bat egingo duela.

«Guk argi baitugu gure olatuarekin soilik ez dugula helburua lortuko; baina, euskal gizarte osoaren laguntzaz, tantaz tanta itsaso zabala osatzekoa lortuko dugu!», aldarrikatu dute. Gauzak horrela, euskal gizarte osoari dei egin diote urtarrilaren 11n Bilbon egingo den mobilizazioan parte hartzeko.