Naiz.info
Donostia

Abortuaren Legearen aurreproiektua atzera botatzeko galdegin du Gipuzkoako Aldundiak

Gobernu espainolak bultzatako Abortuaren Legearen aurreproiektua «mugarri lotsagarria» dela iritzi dio Gipuzkoako Aldundiak «emakumeen giza eskubide gisa onartutako eskubide sexual eta erreproduktiboen aurka» doalako.

Aborto librea aldarrikatu zuten pasa den astean Donostian egindako elkarretaratzean. (Gorka RUBIO/ARGAZKI PRESS)
Aborto librea aldarrikatu zuten pasa den astean Donostian egindako elkarretaratzean. (Gorka RUBIO/ARGAZKI PRESS)

Gipuzkoako Diputatuen Kontseiluak PPk bultzatako Abortuaren Legearen aurreproiektuaren aurkako adierazpen instituzionala onartu du gaur. Ekinbidea «mugarri lotsagarria» dela iritzi dio Aldundiak, «emakumeen giza eskubide gisa onartutako eskubide sexual eta erreproduktiboen aurka» doalako.

Adierazpenaren arabera, aurreproiektuak «emakumeon gorputzak Estatua eta medikuntzak interbenitutako erreproduzio hutsera murriztu ditu» eta «iraindu eta mespretxatu» egiten ditu, beren «borondatearen aurka amatasunera behartuz eta gainaera, muturreko baldintza krudeletan izatera: malformazioak dituzten haurrak izatera, hauei bitzitzeko duinak diren bizi baldintzak bermatu gabe, ez haientzat ezta ama izango diren emakume horientzat; eta aurretik salatuak izan ez diren bortxaketen kasuan ama izatera ere».

Lege horrek, ordea, ez dituela aborto kopuruak jaitsiko ohartarazi dute, «soilik errekurtso ekonomiko gutxiago duten emakumeek egoera eta berme gutxiagorekin abortatzea dakarrela». Hortaz, «emakume izateagatik jasotako bazterketari klase edo egoera sozio-ekonomikoarena batzen zaizkiola» salatu dute.

Hala, legea atzera botatzeko eskatu dio PPren Gobernuari eta Lakuari «desobedientzia aktiborako» gonbidapena luzatu, «dauden alternatiba eta estrategia guztiak topatzeko erreforma hau bete ez dadin».