@iontelleria

Ahotsa.info, bozgorailu berri bat Nafarroako herri mugimenduarentzat

‘Ahotsa behar dugu’ dinamikaren ondorioz sortuko den komunikazio proiektu berria Ahotsa.info izango da. Herri mugimenduaren bozgorailu izan asmo du proiektu berriak eta berehala hasiko du bere ekinbidea, sare sozialetan lehenbizi eta webgune propio batekin gero.

Ahotsa.info, hori izango da ‘Ahotsa behar dugu’ kanpaina herritarraren ostean sortuko den komunikazio proiektu berriaren izena. Modu herritar eta parte hartzailean egin dute izenaren hautapena, proposamen gehiago ere baziren, eta azkenean izen hori hartuko du Nafarroako herri mugimenduaren bozgorailu izan asmo duen proiektuak.

Abian jartzeko egun zehatzik ez dute iragarri proiektuaren bultzatzaileek baina «hurrengo egunetan» sare sozialetan lehen edukiak zabalduko dituztela iragarri dute eta laister izango dela webgunea ere martxan.

Nafarroan «eraldaketa soziala eta politikoa bultzatu» asmo duen proiektua izango da, herrialdeko herri mugimenduaren aldarrikapenak eta dinamikak erakutsiz. Horretarako, erredakzio taldea herri mugimenduan ari diren pertsonek eta komunikazio proiektu ezberdinetatik datozenek osatuko dutela iragarri dute, herrialde osoan kolaboratzaile sarea ehundu asmo dutela ere iragarri dute.

Abiatu bezain laster, jada abian diren komunikazio proiektuekin eta kolektiboekin elkarlana bultzatuko dute. Diote tokiko komunikabideen edukiak herrialde osora hedatzeko tresna ere izan nahi dutela eta horiei euren tresnak (bideoak, argazkiak, informazioa...) eskaini nahi dizkietela. Kolektiboekiko harremanari dagokionez, hauek Ahotsa.info euren aldarrikapenen bozgorailu gisa baliatzea nahi dute. Nafarroako herri mugimenduaren komunikazio erreferentzia nagusi bilakatu nahi dute proiektu berria.

Aktualitatea ardatz

Proiektuaren erakusleiho nagusia izango dena, webgunea, ez dute abian jarri oraindik baina erreferentzia nagusia aktualitatea izango da. NAIZi esandakoaren arabera dinamika hauek ardatz: «eskubide zibil eta politikoen defentsan garatutako borrokak, langile klasearen eskubideen aldekoak eta krisiaren ondorioaren aurkakoak (desjabetzeak, langabezia, gizarte murrizketak...) eta eraldaketa politiko eta sozialaren alde Nafarroan garatuko diren aldarrikapen dinamikak».

Hori guztia nagusiki ikusentzuneko edukiekin egingo dute. Gainera, iritziarentzat atal berezitu bat ere izango du, deialdien agenda propio bat eta gai zehatzen inguruko erreportajeak osatuko dituzte.

Kofinantzaketak jarraitzen du

Proiektu berri honen sorrera kanpaina ‘Ahotsa behar dugu’ dinamikak garatu du, bereziki Espainiako Auzitegi Nazionalak Ateak Ireki proiektua ixtea erabaki ostean indartu zuten. Proiektu berri baten beharra azalarazteko ekimen ugari egin dituzte bide honetan eta nagusia honen aldeko diru bilketa izan da.

Kofinantzaketa sistema jarri dute horretarako martxan eta honezkero 4.000 eurotik gora lortu ditu proiektuak. Hala ere, lehen txandarako 20.000 euro lortzeko erronka dute, beraz kofinantzaketa kanpainarekin jarraituko dute.