NAIZ.INFO
DONOSTIA

Bruselak Gipuzkoako Aldundia gonbidatu du, hondakinen alorreko praktika egoki gisa

Europako Batzordeak Hannoverren apirilean egingo den forora gonbidatu du Gipuzkoako Foru Aldundia, hondakinen alororean bere esperientziaren berri eman dezan.

Markel Olano, Xabier Ezeizabarrena eta Iñaki Errazkin. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)
Markel Olano, Xabier Ezeizabarrena eta Iñaki Errazkin. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)

Europako Batzordeak eta Alemaniako Gobernuak antolatuta, Ekoberrikuntzaren 16. Foroa egingo da Hannoverren apirilaren 7 eta 8an. Bruselak Gipuzkoako Foru Aldundia gonbidatu du, hondakinen alorrean bere esperientziaren berri eman dezan.

Iñaki Errazkin Ingurumen diputatuak Batzar Nagusietan azaldu duenez, hondakinak kudeatzeko Gipuzkoako planaren eta Hernaniko esperientziaren berri eman dezan gonbidatu dute Aldundia.

Errazkinek EAJren eskaerari erantzunez egin du agerraldia Batzar Nagusietan. Izan ere, alderdi horrek salatu duenez, Foru Aldundiak ez dio eman Bruselari Hiri Hondakinen Kudeaketako Plan Integralean (PIGRUG) egin diren aldaketen berri.

Ingurumen diputatuak oposizioari leporatu dio Alduniaren politikaz susmoa zabaldu nahi izatea eta harrigarritzat jo du jokaera hori. «Europar Batzordeak Hannoverreko Forora gonbidatu gaitu, jardunbide egoki gisa, geure esperientziaren berri eman dezagun. Gipuzkoan zertan ari garen jakin nahi dute, interesgarria iruditzen zaie hemen egiten ari garena. Hori da errealitatea. Gure esperientzia, gure politika, hain txarra bada, nolatan gonbidatuko gaitu Europar Batzordeak? Harrigarria da, benetan. Europar Batzordeak praktika on gisa gonbidatzen bagaitu foro batera Alemaniara, nola esan dezakezue ez duela ontzat jotzen gure jarduna», esan die.