Naiz.info
Donostia

Jon Maia: «Behar bezala azaltzen bazaigu nora eta zertara goazen, ez dugu arazorik inora joateko»

Jon Maia bertsolariak bere burua eta Amets Arzallusena defendatu ditu Doneztebeko taberna batean egitekotan ziren bertso saioaren inguruan sortutako ika-mikaren harira. Iñaki Rekarte Langraiz bideko preso ohia izatea «ez zen eragozpena izan» Maiaren aburuz ez bertaratzeko, bai ordea «inguruan sortutako giro arraroa» eta informaziorik ez ematea.

Jon Maia bertsolaria, iazko Bertsolari Txapelketa Nagusian. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)
Jon Maia bertsolaria, iazko Bertsolari Txapelketa Nagusian. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)

Jon Maia eta Amets Arzallus bertso bazkari batean parte hartzekoak ziren orain aste batzuk Doneztebeko taberna batean, eta baiezkoa eman zuten hasiera batean. Horren inguruan, baina, giro «arraroa» sortu zela adierazi du Maiak Infozazpi Irratian egindako elkarrizketan, bien izenak erabiliak eta interpretatuak izaten hasiak zirela, eta egoera horretan «distantzia hartu» eta ezezkoa ematea erabaki zuten. Tabernaren jabea Langraiz bidea deritzon ildoa hartu zuen preso ohi Iñaki Rekarte da, baina bi bertsolariak ez ziren ezertaz informatuak izan.

Ezezkoaren haritik, Rekartek ‘El Pais’ egunkariari eskaini zion elkarrizketak giroa are gehiago gaiztotu du, batez ere Maia beraren kaltetan, Donostia 2016 egitasmoan aholkulari lanetan baitabil eta PSE eta PPK dagoeneko kargugabetzea eskatu baitute.

Bigarren aldia da bertsolari hauek beraien iritzia hedabide batean ematen dutela. Orain egun gutxi ETBko ‘Airean’ saioan izan zen Arzallus; Infozazpi Irratiko ‘Kalegorrian’ izan da gaur Maia, Eider Olazarrek elkarrizketatuta.

Ohi bezala, hasiera batean bertso saioari baiezkoa eman ziotela azaldu du. «Inork ez badu ezer eskatzen guk ere ez dugu informazio gehiagorik eskatzen. Ez genekien ezer tabernaz, ez nagusiaz, ez giroaz, ez ezer».

Egun batzuetara gauzak aldatu ziren, ordea. «Saio horren bueltan iritziak zirkulatzen hasi ziren eta gure izenak horren bueltan zebiltzala ohartu ginen». Iñaki Rekarte tabernaren jabea zela jakin zuten orduan eta iritziak ere horren inguruan zebiltzala dantzan. Maiak, baina, argi esan du. «Ez zaigu eragozpena iruditzen kantatzera joateko Iñaki Rekarte Langraiz bidekoa izatea». Ezetzaren hondoan, informaziorik ez izatea jarri du. «Behar den bezala azaltzen bazaigu nora goazen eta zertara goazen, ez dugu arazorik inora joateko».

«Jakiten dugu giro arraroa dagoela, hainbat bertsozale ez dela joango, herrian kartelak kentzen ari direla… Konturatzen gara gure izena eta irudia jendearen ahotan dabilela eta interpretatua izaten ari dela», nabarmendu du. Horren haritik etorri zen iritzi aldaketa eta ezetza.

Bertsolariaren aburuz, jakinaren gainean egon behar zuten zegoen egoera hartaz, inguruak berak «asko baldintzatzen baitu egingo dugun bertso saioa».

Gonbidapenerako deia, ordea, ez zuten Rekarterengandik jaso, hirugarren pertsona batengandik baizik. «Bitartekari horrek oso ondo ulertu zuen gure ezezkoa eta horretantxe geratu zen kontua».

Egun batzuk beranduago kaleratu zen, baina, Rekarteren elkarrizketa ‘El Pais’ egunkarian, bi bertsolarien aurkako salaketa larriekin.

«Muñekoen moduan sentitu gara», adierazi du Maiak, «gure bertsioa defendatu ezinda». «Kazetari horrek gure kontakizuna entzun izan balu ezingo luke idatzi zuena idatzi, noski», nabarmendu du.

Polemika horren haritik politikarien erreakzioa iritsi da. Maiaren kasuan, gainera, bere lanpostuarekin zuzenean lotutakoa. Donostia 2016 egitasmoan aholkulari lanetan ari da eta PSE eta PPk kargugabetzea galdegin dute.

«Uste dut badagoela interes bat nahiko nabarmena adierazteko gauzak ez direla aldatu, denak berdin jarraitzen duela, ez dagoela mentalidade aldaketarik, ez dagoela garai berririk, ez dugula inork aurrera egiten… Eta sentsazio eta ideia hori elikatu nahi da. Arduragabekeria handia da», ohartarazi du.

«Beharbada hanka sartu dugu», esan du, «baino zintzo jokatu dugu eta lasai gaude».