NAIZ.INFO
BAIONA

Noam Chomsky intelektuala EHZ festibalean izango da, Lekornen

Ekainaren 27tik 29ra Lekornen egingo den EHZ jaialdiak hizlari entzutetsuak izango ditu, Noam Chomsky intelektual estatubatuarra horien artean, antolatzaileek aurreratu dutenez.

EHZren egitarauaren zati bat aurkeztu dute gaur. (@ehzfestibala)
EHZren egitarauaren zati bat aurkeztu dute gaur. (@ehzfestibala)

EHZ jaialdiak bere programazioaren zati bat aurkeztu du gaur goizean. Parte hartuko duten taldeen iragarpena apirilaren hastapenerako utzita, antolatu dituzten hitzaldi eta eztabaida gunearen egitarauaren berri eman dute, «komunikabideek eta festibalariek gutiegi hedatzen duten eskaintzari» balioa eta indarra eman nahian.

Hala, jaialdiaren konferentzia, mahai inguru, tailer, erakusketa, zinema eta irakurketa-aisialdirako espazio den Gogoeta guneak leku zentrala izango du jaialdian eta Garroa gaztelu barnean kokatuko dela azaldu dute.

Iaz auzolana eredutzat hartu bazuten, aurten aniztasunaren eta elkarlanaren indarrak aztertzen saiatuko dira antolatzaileak, «populu eta ikerlari ezberdinen lekukotasunetan oinarrituz».

Lekornen izango diren hizlarien artean pertsonaia entzutetsuak daude: Noam Chomsky filosofo estatubatuarra, Adel Bakawan ikerle eta soziologo kurdua, Mouss Ag Assarid Azawad mugimenduko bozeramailea, Kataluniako CUPeko ordezkariak, Adaluziako SAT sindikatuko bozeramaileak...

Bestalde, antolatzaileek aurreratu dutenez, aurtengo edizioan ostirala, ekainaren 27a, haurrei eskainitako eguna izango da, EHttipiZ izendatu dutena. Egun horretako hizkuntza nagusia euskara izango dela ere adierazi dute eta Hazparne eskualdeko ikastola eta eskol elebidunetako 200-300 haurrek hartuko dute parte.

Sarrerei dagokienez, EHZren webgunean dagoeneko eskaintzak jarri dituzte.