@gara_martxediaz
Iruñea

Herri mugimenduak apirilaren 20ko Aberri Egunean parte hartzeko deia egin du

Herri mugimenduak Aberri Egunean parte hartzeko deia egin du, bai Independentistak taldeak antolatu dituen ekitaldietan parte hartuz bai etxeko balkoietan ikurriña zintzilikatuz.

Herri Mugimenduak Gaztelu Plazan egin du Aberri Egunerako deialdia. (Jagoba MANTEROLA/ARGAZKI PRESS)
Herri Mugimenduak Gaztelu Plazan egin du Aberri Egunerako deialdia. (Jagoba MANTEROLA/ARGAZKI PRESS)

Askapena, Bai Euskal Herriari, Bilgune Feminista, Elkartzen, Ernai, Esait, Euskal Herrian Euskaraz eta Ikasle Abertzaleak taldeetako ordezkariek agerraldia egin dute Iruñeko Gaztelu plazan, ‘Geurea Euskal Herria, nazioa gara’ lelopean.

Naroa Gerestak irakurritako testuan Estatu espainolak zein frantsesak Euskal Herriaren kontra burutzen dituzten erasoak salatu dituzte. Euskararen kontra egindakoen artean, Estatu frantsesak ikastolen aurka harturiko neurriak edota Madrilek Nafarroan «euskaldunen aurka abiaturiko sorgin ehiza» aipatu dituzte. Abortuaren Legea, Lomce edo Urquijok Udalbiltzaren kontra zabaldutako mehatxuez ere mintzatu dira.

«Krisi garai gordin hauetan, euskal langileriaren etorkizuna Madril eta Parisen erabakitzen jarraitzen dute, Troikaren goseak murrizketak eta eskubide urraketak eguneroko ogi bilakatu ditu. Austeritatearen banderapean, eskubide sozialen urraketak ez du amaierarik, Europatik datorren ekaitzari alfonbra gorria zabaltzen dioten bitartan», nabarmendu dute.

«Behin eta berriro euskal herritarrok gure etorkizuna erabkitzeko dugun eskubida urratzen dute eta eraso guzti hauen bidez, euskal jendartean etsipena zabaldu eta asimilazioaren bidea sustatzea dute helburu, baina ez dute lortuko. Geurea da Euskal Herria!», erantsi dute.