@aimar_etxeberria
Donostia

Atez ateko bilketa duten udalerriek helegitea aurkeztu diete San Markoko aurrekontuei

Astigarraga, Usurbil, Pasaia, Hernani eta Lezoko udalek helegitea jarri diete San Marko mankomunitatean PSE, EAJ eta PPk adostutako aurrekontuei, bertan, euren bilketaz gain, edukiontzi bidez egiten duten gainerako udalerrien bilketaren ordainketan parte hartzera behartu dituztelako.

Astigarraga, Usurbil, Pasaia, Hernani eta Lezoko alkateak. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS).
Astigarraga, Usurbil, Pasaia, Hernani eta Lezoko alkateak. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS).

Astigarraga, Usurbil, Pasaia eta Lezoko alkateak –San Marko mankomunitatearen baitan hondakinen atez ateko bilketa egin duten udalerriak– prentsaurrekoa eman dute EAEko Auzitegi Gorenean Sanmarko mankomunitatearen aurrekontuen aurka aurkeztu duten helegitearen berri emateko.

Iragan martxoaren 31n aurkeztu zuten helegitea PSE, EAJ eta PPk onartutako aurrekontuen aurka, bertan, euren bilketa ordaintzeaz gain, edukiontzi bidez egiten duten gainerako udalerrien bilketa ere ordaintzera behartu dituztela salatuz. Hau da, aipatu herriek Donostia, Urnieta, Lasarte-Oria eta Errenteriako bilketaren zati bat ordaintzea aurreikusten dute aurrekontuek.

Gainera, Denis Itxaso mankomunitateko lehendakariak «torlojuari beste buelta bat» eman nahi diola gaineratu dute, 5. edukiontziaren kosteak ere Sanmarko osatzen duten udalerri guztien artean banatu nahi dituela-eta. Hau guztia mankomunitatearen estatutuen aurka doala adierazi dute, batetik, mankomunitatearen helburua hondakinen tratamendua delako eta ez bilketa eta, bestetik, proportzionalki udalerrien artean banatuko diren gastuak soilik «gastu orokorrak» izango direla zehazten delako.

Horregatik, eta helegitea aurkezteaz gain, epaileari eskatu diote mankomunitatearen 2014ko aurrekontuak atzera bota ditzala, «gure udalerrietan kalte ekonomikoak eragozteko kautelazko neurriak har ditzan», hain zuzen ere.