NAIZ.INFO
BAIONA

Ibon Fernandez Iradi aske uztea eskatu dute Baionan

Gaur eguerdian giza kate bat egin dute Baionan Ibon Fernandez Iradi presoaren askatasuna eskatzeko. Izan ere, gaixotasun larria du lasartearrak eta maiatzaren 12an aztertuko du epaileak zigorra eteteko eskaera.

350 bat lagunek parte hartu dute giza katean. (Bob EDME)
350 bat lagunek parte hartu dute giza katean. (Bob EDME)

350 bat lagunek giza katea egin dute Baionan gaixotasun larria duen Ibon Fernandez Iradi presoaren askatasuna eskatzeko. Herriko etxetik suprefeturararte iritsi da giza katea eta bertan parte hartu dute EH Bai, LAB edo Baterako ordezkariek, besteak beste.

Sylvain Alaux diputatu sozialista eta CDDHPB giza eskubideen aldeko elkarteko kideak ere izan dira. Aldi berean, Fernandez Iradiren herritik autobus bat iritsi da eta Lasarteko alkatea ere bertan egon da.

Giza eskubideen aldarrikapen unibertsala lantzen parte hartu zuen Rene Cassin zenaren etxe aurrean egin dituzte adierazpenak Herrirako ordezkariek. Gogoratu dutenez, maiatzaren 12an aztertuko du epaileak preso lasartearraren zigorra eteteko eskaera.

Ildo horretan, aske uztea eskatu dute legearen araberako baldintza guztiak betetzen dituela argudiatuz. Egungo egoera politikoa eta balore demokratiko eta humanitarioak ere kontuan izatea eskatu dute.