NAIZ.INFO
Vivonne

Vivonne-Poitiers espetxeko euskal presoek borrokaldia abiatu dute bisiten murrizketa salatzeko

Vivonne-Poitiers espetxeko euskal presoek borrokaldia abiatu dute asteburuko bisitetan ezarri dizkieten murrizketak salatzeko. Orain arte asteburutan izan ahal zituzten ordu eta erdiko bisitak asteko egunetan soilik izan ahalko dituzte. Euskal Herritik 500 km ingurura dago espetxea eta beraz aldaketak bisita horiek egitea ia ezinezkoa egiten duela salatu dute senideek.

Vivonne-Poitiers espetxean diren presoen lagun eta senideak herriko azokan aritu dira eskuorriak banatzen.
Vivonne-Poitiers espetxean diren presoen lagun eta senideak herriko azokan aritu dira eskuorriak banatzen.

Igandetik aurrera borrokaldia abiatuko dute Vivonne-Poitiers espetxean diren euskal preso politikoek. Senideek NAIZi adierazi diotenaren arabera orain arte asteburutan izan ahal zituzten ordu eta erdiko bisitak murriztu egin dizkiete presoei eta asteazken eta ostegunetan soilik izan ahalko dituzte aurrerantzean. Aldaketaren eraginez asteburutan 40 minutuko bisitak soilik izan ahalko dituzte presoek eta senideek salatu dute etxetik ia 500 km-ra dagoenez espetxea ia ezinezkoa dutela ordu eta erdiko bisita horiek ezarritako egunetan egitea.

Egoerari aurre egin asmoz borrokaldia abiatuko dute presoek eta senide eta lagunek Vivonne herrian bertan hasi dute salaketa kanpaina. Azoka eguna zen gaur Vivonnen eta senideek eskuorriak banatu dituzte bertan ziren herritarren artean egoera salatzeko.