Maider IANTZI
DONOSTIA

Sakabanaketa «itotzeko» deia egin dute, minaren eta sufrimenduaren 25. urteurrenean

Etxeratek agerraldi berezia egin du Groseko gasolindegian; astebururo milaka kilometro egiten dituzten bi furgonetaren ondoan, senideak zapi txuria jantzita eta poltsak eskuetan mintzatu dira, kotxeen joan-etorrian, motor soinu eta gasolina usainean, familiakoak eta lagunak bisitatzeko egiten dituzten bidaietan bezala. Sakabanaketa politikaren 25. urteurrenaren karira, elkarretaratzeak deitu dituzte ostegunerako.

Groseko gasolindegian egin dute agerraldia Etxerateko kideek. (Andoni CANELLADA/ARGAZKI PRESS)
Groseko gasolindegian egin dute agerraldia Etxerateko kideek. (Andoni CANELLADA/ARGAZKI PRESS)

Etxeratek agerraldi berezia egin du Groseko gasolindegian; astebururo milaka kilometro egiten dituzten bi furgonetaren ondoan, senideak zapi txuria jantzita eta poltsak eskuetan mintzatu dira, kotxeen joan-etorrian, motor soinu eta gasolina usainean, familiakoak eta lagunak bisitatzeko egiten dituzten bidaietan bezala. Urtzi Errazkinek eta Patricia Belezek hartu dute hitza denen izenean, eta ostegunean espainiar Gobernuak sakabanaketa sistematikoki martxan jarri zuenetik 25 urte beteko direla oroitu dute. «Urteurren hau minaren eta sufrimenduaren urteurrena da, dispertsioak, gaur arte, 16 hildako eragin dituelako», azaldu dute, baita ehunka zauritu ere. «Etxetik urrun, ehunka kilometrotara, istripu hauek ez dira, inondik inora, kasualitatea, kausalitatea baizik», nabarmendu dute.

Gogoratu dutenez, 1989an euskal preso politiko gehienak Carabanchel, Alcala Meco eta Herrera de la Manchan zeuden; gaur egun, aldiz, 507 preso politiko daude espainiar Estatuko 51 espetxetan eta frantziarreko 27tan sakabanatuta, batez beste, euren etxeetatik 800-1.000 kilometrora.

Elkarretaratzea ostegunean

Lagun eta senideen elkartearen iritziz, honek «eskubideen urraketa bikoitza» dakar, presoen eskubideak sistematikoki urratzen direlako eta, gainera, senideak senide izateagatik zigortzen direlako, «gure guraso, anai-arreba eta seme-alabak maite ditugulako». Hagitz zaila, ia ezinezkoa egiten zaie zenbat senide eta lagunek sufritu duten kalkulatzea, baina galdera batekin adierazi dute arazoaren dimentsioa: «Zeinek ez du herri honetan milaka kilometro egitera behartuta dagoen pertsonarik ezagutzen?».

Honengatik guztiagatik, «aski da!» oihukatu dute, eta eskubide urraketekin amaitzeko eskatu diete sakabanaketaren arduradunei. Herritarrei, berriz, ostegun eguerdian euskal hiriburuetako Gobernu espainolaren Ordezkaritzaren aitzinean elkarretaratzeko deia egin diete, ‘25 urte gure bizitzekin jolasten. Dispertsioa ito’ leloarekin.